Aizkora Urrezko lehiaketa
Etxeberriak eman du ezustea Txapartegi menderatuta
Sunbillako aizkolariak lan guztietan hartu zion aurrea Aizarnakoari. Lasak eta Vicentek ere aurrera egin dute, Mugertza eta Mindegia mendean hartuta
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Etxeberriak, Lasak eta Vicentek aurrera egin zuten Urrezko Aizkoran, atzo Sunbillan jokatu ziren hiru kanporaketetan nagusi izan baitziren. Legorretakoak eta Otsagabikoak irabaztea ez da gauza berria, baina Felix Etxeberriak eman zuen ezustea Luix Txapartegi mendean hartuta.
Atzo lan bera egin behar izan zuten aizkolari guztiek. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Hori amaitutakoan, erlojuaren kontra tamaina bereko enborra erdibitu behar izan zuten. Hori amaitutakoan, kana-erdiko enborra zutik zuten mozteko, eta azkenik, bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu behar izan zuten.
Ikusmin itzela piztu zuen atzoko saioak, eta zaleek ere ongi erantzun zuten. Bigarren aldiz jokatu da aurten txapelketa hau Sunbillan. Hiru neurketak ziren erakargarriak, hiruretan ere izena zuten aizkolariak baitziren.
Zaleek bazuten Patxi Mindegia ikusteko gogoa. Mielen semeak oso lan ona egin du orain arte. Lehen kanporaketatik zetorren, baina atzo agur esan behar izan zion lehiaketari. Zubietakoak proba bakarra bereganatu ahal izan zuen, abiadura proba, gainerako hirurak Vicentek eraman baitzituen. Otsagabikoa ere oso ongi dago, eta berari ere lan labur eta azkar hauetan oso ongi moldatzen da, atzo erakutsi zuen moduan.
Mindegiak, berriz, oso maila ona duela eta teknikoki bikaina dela erakutsi zuen; oraindik kilo mordoa du soberan, baina gogoz entrenatzen jarraitzen du eta, berriro ere, goi mailara heltzeko modukoa dela erakutsi zuen. Vicentek lan guztiak, 9 minutu eta 56 segundotan burutu zituen; Mindegiak, aldiz, 11 minututan, eta 9 segundotan.
Lasaren eta Mugertzaren arteko dema ere erakargarria zen. Legorretakoa zen faborito, baina Mutrikukoak irabazi izan balu ere ez zen inor harrituko. Hala ere, Mutrikukoak amore eman behar izan zuen. Lasak joan den asteburuan gainditu zuen bere lehen kanporaketa, eta atzo bigarrena; bere helburua lehenengo zortzien artean amaitzea dela agerian utzi zuen. Jokatutako lan guztietan Lasa izan zen nagusi; amaieran lan guztiak burutzeko, 10 minutu eta 52 segundo behar izan zituen. Mugertzak 12 minutu eta 24 segundotan amaitu zituen lanak.
Hala ere, atzoko ezusterik handiena Felix Etxeberriak eman zuen Luix Txapartegi mendean hartuta. Sunbillako aizkolaria lehen kanporaketatik ari da jokatzen. Bera Lehen Mailako finaletan ohiko izaten hasi zen, baina gero gaixotasun bat zela-eta aizkora utzi behar izan zuen. Orain gaixotasuna gainditu eta lan ona egiten ari da, batez ere lan laburretan. Txapartegi, berriz, Lehen Mailan egoteaz gain, azken urte hauetako finaletan izan da.
Atzo, Etxeberria nagusi izan zen lehendabiziko saiotik amaierakora bitarte, eta aldea batez ere zutikako enborrean atera zuen, hortxe erabakita utzi baitzuen atzoko neurketa. Sunbillakoak, gainera, saioko ekinaldi guztiak bereganatu zituen. Lan guztiak burutzeko, 10 minutu eta 7 segundo behar izan zituen.
Asteburu honetan jokatu behar zuten Atutxa II.ak eta Peñagarikanok ere, baina Beizamakoak aizkora utzi du, zenbait arazo fisiko direla-eta, eta Bizkaiko txapeldunak aurrera egin du kanporaketa hau jokatu gabe.
Urrezko Aizkora bere unerik garrantzitsuenera iristen ari da, eta hurrengo kanporaketak ere bikainak izango direla aurreikusten da; Felix Etxeberriak Lópezen aurka neurtu beharko ditu indarrak. Daniel Vicentek, berriz, Iñaki Azurmendirekin jokatu beharko du. Aitzol Atutxak Jon Rekondo dauka zain, eta Lasak, berriz, Arria V.arekin jokatuko du. Kanporaketa hauek datorren asteburuan izango dira.
Aitzol Atutxak ere kanporaketa hau gainditu du, nahiz eta ez duen jokatu beharrik izan. Peñagarikanoren aurka jokatu behar zuen, baina Beizamakoak aizkora utzi, eta horrek aurrera egiteko bidea zabaldu dio bizkaitarrari