GARA > Idatzia > Pilota

Etxetok bere bikotea garaipenera gidatu zuen

J.L. | SENPERE

Ez zen ezusterik izan, eta Larretxeak eta Etxetok irabazi zuten atzo Senperen; hala, beren multzoko lehen postuan amaitu dute. Bigarren geratu dira Idiart eta Waltari, eta biak izango dira finalerdietan, hemendik bi astetara.

Lehen kintzearen berdinketaren ostean, Idiart eta Waltari aitzineratu ziren, eta zazpi kintzeko aldea atera zuten, 13-6, 12-5eko partzial bat lortuta. Tarte horretan lapurtarra eta kubatarra eroso aritu ziren jokoan, baina ez aurkariak, batez ere Etxeto, trinketean lekua bilatu ezinik baitzebilen.

Thierry, ostera, jokoan sartu zen eta ondorioz partida orekatzen hasi zen. Hori gutxi balitz, Olivier Larretxea ere sakearekin asmatzen hasi zen; 10-3ko partzial bat eskuratu zuen eta neurketa 16-16 berdintzea lortu zuten. Zailena egin zuten, hasieran ez baitziren batere ongi ibili, baina berdinketa honen ostean, partida berri baten atarian zeuden, eta asmatu egin zuten.

Hortik aitzinera, Larretxea eta Etxeto erabat nagusitu ziren. Saketik min handia egiten jarraitzen zuen Zuraideko aurrelariak, eta biarriztarra, berriz, atzean nagusi zen, ez zion Waltariri gain hartzen uzten, eta eroso jokatzen ari ziren.

Apurka-apurka aldea zabaltzen joan ziren, eta 17-31koarekin neurketak ia erabakita zirudien; pilotan edozer gerta daiteke ordea, eta zaleak aurkarien erantzunaren zain zeuden; baina ez ziren berpiztu, ez beraiek nahi izan ez zutelako, ezin zutelako baizik, aurkariek ez baitzieten uzten.

Hortik aurrera partida noiz bukatuko zain jarri ziren zaleak, ea galtzaileek zenbat tanto egingo zituzten, eta azkenean 21ean geratu ziren Idiart eta Waltari.

Thierry Etxeto izan zen atzoko onena. Hasieran kosta egin zitzaion jokoan sartzea, baina behin sartu zenean, berak markatu zituen ezberdintasunak. Gero, Larretxeak ere lan bikaina egin zuen, batez ere botearekin, min handia egin baitzuen; 15 kintze lortu zituen, eta horrenbeste tanto saketik eginda oso zaila da galtzea.

Finalerdiak bi aste barru izango dira, eta honela jokatuko dira: Sorhuetek eta Ezkurra II.ak Idiarten eta Waltariren aurka jokatuko dute, eta Larretxeak eta Etxetok, berriz, Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo