GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Miren Aranguren Etxarte Euskal Herriko Bilgune feminista

Gora borroka feminista!

Bizitzako esparru guztietan emakumeon eskubideak berma daitezen emakumeon ahotsaren ordezkari nagusi izan behar dugu, subjektu politiko gisa aitortu gaitzatela exijitu behar dugu

Zorionak Euskal Herriko jardunaldi feministak posible egin dituzten ehunka emakumeri, pasa den asteburuan Portugaletera gerturatu ginen emakume guztioi.

14 urte eta gero, Euskal Herriko mugimendu feministak 1.300 emakume baino gehiago elkartzea lortu genuen. Hainbat emakume, tendentzia ideologiko oso ezberdinetakoak, beste batzuk aldiz, feminismoa ulertzeko era propioarekin, guztiak oso eremu ezberdinetakoak, guztiak proiektu feministaren alde borrokan. Urte luzez borrokan ari diren emakume eta erakundeak bildu ziren Portugaleteko Nautikako Eskolan, aurretik Leioako campusa bete zuten emakumeek, borroka feministaren gotorleku izan diren emakume asanbladek eta erakundeek. Horiei guztiei esker, horiek garatutako borroka feministari esker, gazte belaunaldiek emakumeon beste errealitate bat ezagutzeko aukera izan dugu, baita patriarkatuari aurre egiteko bide anitz ezagutu ere.

14 urte eta gero, urte luzeetan mugimendu feministaren hutsune nagusia izan dena gainditu genuen Portugaleten. Neska gazte andana ginen bertaratutako 1.300 emakume horien artean, euskal gazteriak feminismoari gogoz eutsi diogula erakutsiz. Gure ustez, egoera honek ez dio kasualitate hutsari erantzuten, azken urteetan gazte belaunaldiei egokitu den proiektu feminista berriari baizik.

Euskal Herriko Bilgune feminista orain dela sei urte jaio ginen. Euskal Herri feminista helburu duen proiektua abian jarri genuen, gure herriko tradizio feministak egindako ekarpena ikaspen gisa hartuta, baina bereziki borroka feminista aurrera eramateko lan estilo berri bat martxan jarriz. Pasa den asteburuan lan estilo berri honek isla nabarmena izan zuen. Euskal Herriko mugimendu feministari egindako ekarpena agerian geratu zen, gure ikasteko gogoak, baina gaitasunak ere, azaleraziz. Haize freskoak nagusitzen dira egungo mugimendu feministan, eta Bilgune feministak urte hauetan egindako lana lagungarria izan da. Dinamika berri bat sortzen joan gara, pixkanaka hedatzen doana, eta Portugaletetik indarberritua atera dena. Betidanik mugimendu feministaren indarberritzearen aldeko ahaleginak egin ditugu, eta hau subjektu politiko bihurtu dadin lanean jarraituko dugu.

Gure herriarekiko konpromisoa berretsi genuen, emakumeon eskubideen defentsarekiko konpromiso politikoa. Eta ez guk bakarrik, baizik eta bertan bildu ginen emakume guztiok. Patriarkatuaren aurrean tinkotasunez agertu ginen, gure herriaren eraldaketa feminista lortu arte etsiko ez dugula argi utziz.

IV. Jardunaldi Feministetatik atera ziren ondorioak hartu, eta lanean jarraitzeko beharra argi dago. Baina lanean jarraitzeko bideak ezin du orain arteko berdina izan. Jardunaldiak, hein horretan, inflexio puntu bat bilakatu dira, urteetan garatu den borroka feminista alboratu gabe, gure diskurtso eta praktika berritzearen beharra agertu baita. Indarkeriari aurre egiteko, instituzioek garatzen dituzten politikak eraginkorrak bilakatzeko, prekarietateari aurre egiteko, zaintza lanak sozializatzeko, lesbianon eskubideak berma daitezen, beste herrialdetako emakumeekin zubiak eraikitzeko... Bizitzako esparru guztietan emakumeon eskubideak berma daitezen emakumeon ahotsaren ordezkari nagusi izan behar dugu, subjektu politiko gisa aitortu gaitzatela exijitu behar dugu.

Mugimendu feministaren aliantza emakumeon ahotik exijentzia bihurtu zen jardunaldietan, zor zaigun izaera politikoa lortzeko bidean eta emakumeon eskubideak errespetatuak eta bermatuak izateko bidean. Batzen gaituen diskurtsoa, praktika komun batean bilakatu behar dugu.

Horretarako, ezinbesteko tresna dugu mahai gainean. Orain hilabete batzuk hainbat emakume eta erakunde feministek onartu genuen Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Karta. Herri mailan eta tokiko mailan eragiteko tresna, emakumeon antolakuntza bultzatzeko tresna, instituzioak interpelatzeko tresna, herri mugimenduak borroka feministan konpromisoak hartzeko tresna... azken batean, Euskal Herri feminista eraikitzeko tresna.

Poza izugarria izan da, Jardunaldiak gisako esperientzia bat bertan egon zineten emakume guztiekin konpartitzea. Are eta pozgarriagoa izango da, Portugaleten marraztu genituen hainbat eta hainbat bide zuek guztiekin konpartitzen jarraitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo