Breakdance eta kale kulturak euskal ukituaz Break On Stagen
Bi izango dira bihar La Kasilla kiroldegian ospatuko den Break On Stage jaialdiaren ardatzak: nazioarteko Breakdance lehiaketa eta kaleko kultura ezberdinen erakusketa. Biak helburu zehatz batekin: kaleko artistei baliabide tekniko eta marko eszenikoa eskaintzea. Zazpigarren edizio honetan adierazpen eskaintza aurrekoetan baino zabalagoa izango da Rope Jump, BeatBox, Mottion Graffiti edo BMX bezalakoekin. Hitzordua biribiltzeko, DJ Vadim eta Yahan-en kontzertua.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Kaleko kulturek atxikia daukate kanpoaldean sortu eta garatzeko joera. Hala ere, urtean behin, marko eszenikoa eta azpiegitura indartsuak lortzeko parada eskaintzen die Break On Stage jaialdiak, artistek euren ikuskizunak modu eszenikoagoan erakuts ditzaten. Zazpigarren urtez antolatu duten ekimen honek ikusgarritasuna eta mugimendu berritzaileak izango ditu ardatz eta bi ekintza nagusi ditu: alde batetik, europar mailako Breakdance lehiaketen arteko garrantzitsuenetako bat eta, horrez gainera, kaleko kultura modalitate ezberdinen erakusketa. Honen berri izango da bihar La Kasilla kiroldegian 20.00etatik aurrera.
Logela Multimedia taldea arduratu da jaialdiaren irudiaz eta eszenografiaz hau sortu zenetik. Talde honetako kide den Ander Garaizabalek azaldu duenaren arabera, hain gauza askotariko eta desberdinak agertoki berean egituratzeko oso ikuskizun dinamikoa antolatu dute. «Lehiaketan parte hartzen dutenek bost-sei minutuko koreografiak egingo dituzte eta, hauen artean, kaleko kultura desberdinak erakusteko show txikiak tartekatuko ditugu». Ateak 20.00etan irekiko dituen hitzordua biribiltzeko kontzertu bikoitza antolatu dute: DJ Varim eta Yarah bikotze ospetsuarena.
Breakdance norgehiagokan, nazioartean entzute handia eta maila bikaina duten zazpi taldez gozatzeko aukera izango da. Hauen artean, gainera, Euskal Herriko ordezkari gisa Slow Trip taldea arituko da. «Parte hartuko duten gainerako taldeak ezagunak genituen beste lehiaketa batzuetan ikusi baititugu haien koreografiak eta oso maila handia daukate», onartu du Alexander Barrenetxeak, taldeko kideak. Lau urtez aritu dira Bilboko laukote hau bakoitza bere aldetik eta bihar lehenengo aldiz eskainiko dute taldeko lana. Horretarako, Bizkaiko hiriburuko Salesianoren eskolan ensaitazen ibili dira azkeneko asteetan. «Gure kabuz aritzen ginean elkar ezagutu ginen, lagun egin eta ondoren taldea osatzea erabaki genuen», azaldu du dantzariak.
Bertako breakdance taldeen berri emateko jaio zen arren, Europako leku desberdinetatik etorritako talde onenak biltzera iritsi da egun ekimen hau. Aurtengo edizioan, esaterako, munduko txapeldunen artean koka daitekeen Errusiako TOP9 taldeak parte hartuko du. Frantziako Legiteam Obstruxion eta Wanted Posse ere arituko dira Hanburgoko Funk Fellaz-en aurka. Hurbilagotik, Zaragozako Cicle of Trust eta Kataluniako eta Granadako Zulu Warrior laukotea. Azken hau aurretik mundu mailako lehiaketan aritu diren lau neskak osatuta dago eta Break On Stagen estreinatuko dute beren lehenengo talde lana.
Adierazpen eskaintza zabala
Kaleko kultura desberdinen berri emateko «nahaski goxoa» antolatu dute, arduradunen hitzetan. Beste batzuen artean, Rope Jump -soka-salto akrobatikoa-, BeatBox -ahoarekin soilik egindako soinuak-, MC -bat-bateko rapa-, Mottion Graffiti -audio, bideo eta graffiti konbinazioa- eta BMXa. Europa mailako artista onenak aterako dira agertokira adierazpen desberdin hauen berri emateko. Alemaniatik hurbildu den Yoyo Schulz, berriz, Skate freestyl-eko Europako irabazlea da. Horrez gainera, ahoarekin soinuak ateratzean datzan Beat Box-arenberri emango du Markooz-ek.
Atzerritik gonbidatutako artista esanguratsuek ez dute jaialdiaren hasierako helburua itxuragabetu; horregatik, Euskal Herriko ordezkaritza garrantzitsua ere egongo da. Bizikleta akrobatikoa lantzen duen taldea, esate baterako, Gasteizko bi lagun dira, David&Diego. Trial lehiaketetan parte hartzen du normalean bikote honek. Biharko ikuskizunean, ordea, bizikletarekin akrobaziak egiteko hiriko altzariak erabiltzen diren «Trial Ryder» modalitatea landuko dute. Euren ibilbideari buruz, orain dela hamar urte hasi zirela azaldu du Diego Barriok; une horretatik lehiaketa garrantzitsuenetan ibili dira Gasteizko bi gazte hauek, mundu mailako kopetara iritsiz. Trial bezalako kirol batean ensaiatzeko lekuak garrantzi handia duela azpimarratu du. «Hiritik ibiltzen gara gehienetan; bestela oztopo handiak dituzten natura guneetara jotzen dugu, arroka handiak dituen mendia edo olatu-horma», azaldu du. Bere erakustaldiaz gainera, Break On Stageko aurkezpen bideoan ere parte hartu du eta Logela Multimediako profesionalekin lan egitea esperientzia polita izan zela esan du.
Bat-bateko rap-a ezagutarazteko, El Shintomak bisitatuko du La Kasilla. Bilboko abeslari honek bat-bateko musikaren berri emango du eta, azaldu duenaren arabera, «gau berean zehar gertatzen ari denaren» berri emango du. Gazte honek ikuskizunari ukitu desberdin bat emateko hitz desberdinak eskatzen dizkio publikoari eta hoiekin osatzen du abestia. «Eszenatokia oso altu dago eta jendea gradetan dagoenez zaila egingo zait bihar egin ahal izatea», esan du; hala ere, bat-baten egiten ari dela argi geratuko dela ziurtatu du. El Shintomaren ustez, aldarrikapen garrantzitsu bat lortzen da jaialdiarekin; erakusten baita adierazpen mota hauek ez direla kaleko lau lagunek bat-batean egindako zerbait eta argi ikusten baita «atzetik seriotasun bat dagoela eta ordu asko ematen direla lantzen».
Azkenik, Breakdance ikuskizuna eta kaleko kulturen jaialdia biribiltzeko urtero kontzertu batekin amaitzen dute hitzordua. Bihar, DJ Vadim eta Yarah bikote ospetsuaren eskutik joango da ikuskizuna. Festa giroa ez da faltako, hortaz, La Kasillan.
Jaialdiak askotariko taldeak elkartuko ditu gau eta agertoki berean. Ondo egituratzeko, lehiaketako koreografien artean kaleko kulturen ikuskizunak tartekatzea erabaki dute antolatzaileek.
Europako talde onenek parte hartuko dute lehiaketan. Horien artean, Slow Trip euskaldunak arituko dira. Urte asko daramate break-ean, baina bihar aurkeztuko dute haien lehenengo talde lana.