GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Gutun zuria jaialdia

Marrazkiz zein hizkiz, intimitate eta kontu anitz epistola bidez kontatuta

Gutunak bateratu egiten ditu, une batean, hausnarketa, intimitatea eta sormena. Oso prozesu atsegingarria gerta daiteke, zeure burua ezagutzen laguntzen duena eta, zintzotasuna dagoenean, bestearentzat ispilu izan daitekeena».

p062_f01_199x084.jpg

Izaskun LABEAGA

Miren Agur Meabe idazlearen berbak dira aurrekoak. Atzo bi nerabe talderen aurrean hitz egin zuen Bilboko Elkano kaleko BBK Kultur Aretoan, Pío Baroja, Miguel de Unamuno, Gabriel Celaya, Blas de Otero, Ángela Figuera, Gabriel Aresti, Lizardi, Orixe, Txillardegi eta beste hainbat euskal egilek sinatu eskutitzen babesean. Hormetan irakur daiteke, esaterako, Lauaxetak Federico García Lorcari igorritako izkribua, non Esteban Urkiagak bere poesiak euskaraz emateko gogoa erakusten dion Granadako poetari.

Gutun Zuria jaialdiaren kariaz antolatutako egitarauaren barruan dago erakusketa. Alhondiga Bilbaoren ekimena da, eta etorkizunean literaturaren esparruan jardunaldi garrantzitsu bat egiteko oinarri sendoak jartzeko xedea du.

Miren Agur Meaberi egokitu zitzaion atzo DBH eta Batxillergoko ikasleei hitzaldi bana ematea. Euskal literaturatik hainbat izenburu aukeratu zituen, non gutuna agertzen den testu tipologia nagusi gisa edo narrazioaren barruan txertatuta.

Irudi bidezko gutuneria

Bost urteko umeetatik hasita edozeinek irakurtzeko moduko ``Marraztuidazu gutun bat'' lana aipatuz hasi zuen Meabek bere berbaldia. Patxi Zubizarretak asmatutako pertsonaia nagusiak ez daki idazten baina, hala ere, badu amarekin gutun trukea: marrazki bidez komunikatzen da berarekin.

Bernardo Atxagaren ``Bi letter jaso nituen denbora gutxian'', Joseba Sarrionandiaren ``Ainhoari gutunak'', Xabier Mendiguren Elizegiren ``Uda betiko balitz'' eta bere lumatik ateratako ``Urtebete itsasargian'' aipatu zituen, helduentzako beste bi proposamenekin batera: Ana Urkizaren ``Bekatuak'' eta Txalapar- tak 2005ean argitaratu zuen ``Adiskide maitea'', zenbait idazlek euskal presoei idatziriko gutun sorta.

Horiek, Lekeitioko idazleak gaztetxoei egin zien gomendioa. «Oso genero edo ikuspuntu desberdinetakoak dira: batzuk umorezkoagoak, beste batzuk dramatikoagoak; batzuetan familiarteko harremanak dira agerian geratzen direnak beste batzuetan bikote harremanak; beste gutun batzuek, aldiz, testuinguru historikoaren berri emateko balio dute. Denetan daude halako xenda emozional, afektibo batzuk».

Liburu bakoitzaren zatitxo bat irakurri ostean, horien ezaugarriei buruz ere aritu zitzaien Miren Agur Meabe entzule gazteei. Zergatik liburu horiek eta ez beste batzuk? «Egia da ez direla berriak baina gure literaturan pisu bat dute».

Euskal letren munduari bakarrik ez, nazioartekoei ere begiratu nahi die Gutun Zuria jaialdiak egun hauetarako iragarri dituen eztabaidekin.

Edo Popovic kroaziarra izango da gaur gure artean. Kazetari izandakoa, gaur egun editore eta idazle lanak tartekatzen ditu. ``Ponocni boogie'', bere lehen eleberria, gurtzako liburu bilakatu da Balkanetako gatazka bizi izan zuen belaunaldiarentzat. Nazioarteko erreportari onenari sari nazionala eman zioten Alemanian 2006an. Juan Maria Gastaca kazetariarekin izango du aurrez aurrekoa, 19.30etik aurrera BBKko Kultur Aretoan.

Haurrek Kataluniatik etorritako bisitaria izango dute. Jordi Sierra i Fabra, Haur eta Gazte Literatura espainiar Sari Nazionala irabazi zuena iaz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo