GARA > Idatzia > Ikusmira

Pitermanek erantzukizunei aurre egin behar die

Ez da ohikoa auzitegi batek futbol talde bateko presidente ohi bati ondasunen bahiturarik ezartzea. Gasteizko Merkataritzako Lehenengo Auzitegiak, ordea, Dmitry Piterman Alaveseko presidente ohiari eta klub horretako aurreko administrazio kontseiluaren gainerako kideei kautelazko neurri gisa 13.000.000 euro inguru bahitzeko agindu zuen atzo. Pitermanek, egin zuen gestio ezin txarragoarren ondorioz, 25.000.000 euroko zorra utzi zuen eta klubak, zor horri aurre egiteko, konkurtso legearen bideari heldu zion hartzekodunekin akordioa adosteko. Konkurtsoaren administratzaileak irregulartasun handiak aurkitu zituen aurreko presidentearen kudeaketan, eta, hala, auzitegiak bahitura ezartzea erabaki zuen.

Zalantzarik gabe, aurrerapauso garrantzitsua izan da kirol klub bat negozioa egiteko erabili eta egoera ekonomiko larrian utzi duena inolako erantzukizunik ez balu bezala joan ez dadin. Espero izatekoa da, hortaz, auzia azkeneraino iristea. Nolanahi ere, kasu honek bestelako hausnarketa bat egiteko ere balio beharko luke. Herri erakundeek dirulaguntza garrantzitsuak ematen dizkiete futbol klubei -Alavesaren hartzekodun nagusia Arabako Foru aldundia da-, eta ez da onartzekoa haien zabarkeria horrelako iruzurrak gertatzen direnean. Beste alde batetik, Piterman hain gizon polemiko eta zaratatsua izan ez balitz, ez ote zukeen zorrak pilatzen jarraituko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo