Marealta Eguna, festa giroan erreka garbitzeko ekimena sortu dute Pasai Antxon
Pasai Antxon ekimen berria abiaraziko dute heldu den apirilaren 26an, Marealta izenaz ezagun den Molinao erreka jai giroan garbitzeko eta herritarrak ingurua garbi izatearen garrantziaz kontzientziatzeko.
GARA |
Marealta Eguna da Pasai Antxon sortu den ekimen berriaren izena. Apirilaren 26an eginen dute, larunbatean, eguerdiko ordu batetik aitzinera (mareen arabera).
Gipuzkoako kostaldeko herri horrelakoek Marealta esaten diote bertako erreka bati, Molinao errekari, hain zuzen. Antolatzaileek azaldu dutenez, hamarkada luzeetan zeharo zikin joan dira itsasora bertako urak, kontrolik gabeko jarduera industrialaren ondorioz.
Jakinarazi dutenez, badira hamar urte inguru Molinao errekan edo Marealta inguruan, Antxon, ez dagoela industriarik. Baina zenbaitek hesiak, gurpilak, etxetresna elektrikoak eta bestelako zakarrak bertara botatzen jarraitzen du. Arazo hori konpontzeko antolatu dute Marealta Eguna; helburua, ondorengoa: Marealtatik zabor hori guztia ateratzea.
Marealta pixkanaka-pixkanaka eta bere kabuz, ari da onera etortzen: goroldioa hazi da nonahi eta, ohiko diren korrokoiez gain, hainbat arrain espezie eta molusku ere bizi dira dagoeneko errekan. Ekimenaren bultzatzaile izan diren herritarren arabera, azken hamar urteetan jarduera industrial kutsagarririk inguruan ez izateak ahalbidetu du hori, eta zabor hori guztia kenduta, zinez areagotuko da Marealtaren leheneratzea.
Berez, Marealta garbitzea Gobernu espainiarrari dagokiola argitu dute, baina, salatu dutenez, Sustapen Ministerioak ez du zirkinik ere egiten zabor hori guztia handik ateratzeko eta gehiago bota dezatela ekiditeko.
Horregatik, auzolanerako deia egin diete pasaiatarrei, guztien elkarlanaz Marealta garbitzeko. Pasaiatarrei eta nahi duten herritar guztiei deia egin diete apirilaren 26an ekimenean parte har dezaten, eskuz esku lan eginez Molinao erreka edo Marealta sasoi batean zegoen bezala, garbi-garbi izan dadin lortzeko.
Garbitzea bera ez da egitasmoarekin bete nahi duten helburu bakarra. Marealta garbituz, ideia bat zabaldu nahi dute: Erreka, Antxoko zati denez, ezinbestekoa da hura zaindu eta ez zikintzea. Gainera, zaborra botatzen dutenak beren buruaren eta herriaren kontra ari direnez, aurrerantzean salatu egingo dituztela jakinarazi dute.
Sokei tiraka
Nola aurrera eraman ekimena? Itsasbehera denean, hiruzpalau lagun jaitsiko dira Marealtara. Zakarretan sokak jarriko dituzte eta erreka-ertzean daudenek, sokei tiraka, zaborra lehorreratzen lagunduko diete. Zaborra lehorreratu ondoren, Pasaiako Udalak (ekimenaren laguntzaileetako bat da) San Markoseko Mankomunitatearen bitartez ekarriko dituen edukiontzietan sartuko dute, eta handik birziklatzera eraman. Udalak eskularruak eta bestelako baliabideak emango dizkie bertaratuei.
Garbiketa lanak, Marealta N-1etik hurbilen dagoen tartean hasiko dira, eta pixkanaka, Molinao aldera joko dute.
Lanaz gain, izango da besterik. Ekitaldi gehiago prestatu dituzte ongi pasatzeko. Esaterako, sagardoaz lagunduta, sardina-jana egingo dute Marealta inguruan, eta koadrilek estropadan neurtuko dituzte indarrak. Musikak eta dantzak gozatuko du giroa.
Sardinak eta sagardoa banatuko dituzte erreka inguruan eta koadrilen arteko estropada ere izango da. Musikak eta dantzak gozatuko du giroa.