GARA > Idatzia > Kultura

«Bizitza homeopatikoak», Xabier Mendigurenen liburu berria

Xabier Mendiguren Elizegik plazaratu berri duen liburua, «Bizitza homeopatikoak» izenekoa, bi narrazioz osatuta dago. Gai desberdina jorratzen dute eta, gainera, bata umorezkoa da eta bestea, berriz, dramatikoa. Hala ere, ondo ezkontzen dira, edo, Gorka Arrese Susako argitaratzaileak atzo esan zuenez, «anai-arreba ez badira ere, lehengusuak, behintzat, bai».

p060_f01_096x124.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Bizitzaren sentimendu homeopatikoa» eta «Bizitzako garairik onena» dira Mendigurenen liburu plazaratu berria osatzen duten kontakizunak.

Lehenengoan, gizonezko bat da protagonista, Mirande liburu-dendako jabea. Opor-ontzi handi batean porturik portu Greziako uharteetan barrena eginiko bidai baten bueltan, topo egin du Batasuna legez kanpo utzi ondorengo manifestazio iskanbilatsuarekin. «Protagonista neurotiko samarra eta txepela da -esan zuen Mendigurenek-. Deskalabru batzuk gertatu zaizkio eta, kalaka etengabean, horien berri ematen digu, tonu apokaliptiko eta barregarrian. Liburu-dendetako zenbait kontu, unibertsitatean irakasleak kontratatzeko sistemak nola funtzionatzen duen... den-dena nahasten du». Narrazioak «karikaturatik asko du» eta tonua, berriz, umorezkoa da, parodikoa, «ia esperpentikoa».

Bigarren kontakizuna, aldiz, «Bizitzako garairik onena», dramatikoa da. Protagonista Mertxe da, Europako Parlamentuko itzulpen zerbitzuan lan egiten duena. Bat-batean telefono dei bat izan du. Hariaz beste aldetik, amak esan dio aitak okerrera egin duela, eta Bruselatik lehenbailehen itzultzeko. Zerbait gehiago ere esan dio: bera, ama, asper-asper eginda dago beti zaintzan egoteaz, eta etxetik alde egiteko asmoa du. Beraz, Mertxe itzultzailearen itzulirik garrantzitsuena izango da. «Kontakizun serioa da -esan zuen Mendigurenek-. Ez dut filosofiarik egin, baina bizitzari buruzko funtsezko kontu batzuk agertzen dira, hala nola guraso eta seme-alaben arteko harremana, gurasoak zahartzen direnean zein jarrera hartzen duten seme-alabek, bizitzaren motorra altruismoa edo egoismoa den...».

Bat datozen hainbat alderdi

Beraz, itxuraz, behintzat, kontakizunok ez dute elkarren artean zerikusi handirik. Alderdi askotan bat datoz, ordea. «Esaterako -esan zuen egileak-, bi protagonistak bizitzaren erdian daude eta giro berekoak dira. Are gehiago, baliteke ikasketak elkarrekin egin izana». Arresek, aldiz, bi kasuetan nagusitzen den «kontatzeko tonua eta estiloaren naturalismoa» nabarmendu zuen. «Narradoreak eta pertsonaiek berek ahozko hizkeratik oso gertuko garapen espresiboa dute», gehitu zuen.

Beste puntu bat ere aipatu zuen Arresek: bi narrazioetan, azken pasadizoak kartzelan kokatu dira. Mendigurenek aitortu zuen ez zela horretaz ohartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo