Ikasleen hitza kontuan hartzeko eskatu du Mondragon Unibertsitatean IAk
GARA |
Datorren ikasturtean Mondragon Unibertsitatean abian jarri nahi duten plan berriaren harira agerraldia egin zuten atzo Ikasle Abertzaleek (IA).
Herri baten biziraupen eta garapen sozial eta kulturalerako oinarriko tresna jo zuten hezkuntza eta, beraz, kaltegarri jo zuten hura «neoliberalismoak beregatzea eta merkatu kapitalistaren mesedetan jartzea». «Eredu berria erakargarri eskaintzen duten arren, helburu bakarra europar merkatu basatira egokituko diren langile sumiso eta akritikoak produzitzea da», salatu zuten.
Irailetik aurrera abian jarriko diren neurrien artean «eskolaz kanpo ikasten sartu beharreko orduen kuantifikazioa eta kontrola dago». Hala, eguneko bost klase orduez gain, derrigorrez hiru ordu gehiego tutorearen zaintzapean eman beharko dituztela nabarmendu zuten. «Horrek gu 40 lan orduko astera ohitzea bilatzen du, edozein enpresatako langile modura», iritzi zioten. Horretaz gain, ikasketak eta lana uztartzeko modua kaltetuko duela uste dute, eta «ez dugu ahaztu behar, Unibertsitate hau pribatua den heinean, hainbatek matrikula ordaintzeko lan egiten dutela».
Nabarmendu zuten Eskoriatzan jada Euskal Herriko hainbat eragilek adostutako adierazpena oinarri hartuta eztabaida bidezko dinamika bat zabaldu dutela. «Une honetan gelen %75 baino gehiagok eman dio atxikimendua ondorengo aldarrikapenari: `Europar Goi Hezkuntza Sistemaren inposaketaren aurrean, gure herriaren mesedetara egokitutako hezkuntza sistema behar dugu; komunitate osoaren eztabaida parte-hartzaile eta irekiaren bidez bermatuko dena'».
Honen aurrean ikasleen ahotsa kontuan hartzeko eta bide inposatzailea alboratzeko eskatu zuten, besteren artean.