Golegile baten bila
Planifikazio egokirik ezean, ezin altxorrik garestiena erosi
Joseba Llorentek ez du Athleticen jokatuko datorren denboraldian. Ibaigane txarto eta berandu mugitu da hondarribiarraren kasuan
Beñat ZARRABEITIA | BILBO
Futbolean gola eta desberdintasuna dira merkatuan baliorik gehien daukaten bi ezaugarriak. Golek puntuak ziurtatzen dituzte eta puntuek helburuak gerturatzen dituzte. Aurkariaren ateak, normalean, gehien zulatzen dituztenak aurrelariak dira eta hauen prezioa altua izan ei da. Are gehiago, beren taldeetan askotan asmatzen dutenean.
Azken hilabeteetan nazioartean, batik bat Ingalaterrako ligan, egin diren operazio esanguratsuenen protagonista nagusiak Fernando Torres, Anelka edo Alfonso Alves izatea horren lekuko da. Estatu espainoleko Ligan antzekoa jazoko da, eta denon ahotan egongo den izenetako bat Joseba Llorente izango da.
Baina, hondarribiarrak, antza, argi du bere etorkizuna. Datorren denboraldian Villarrealen jokatuko du. Egoera honek analisi sakona behar du ikuspegi zuri-gorritik. Izan ere, nola ote da posible 15 gol erdietsi dituen aurrelari euskaldun bati, eta `soilik' bost milioi euroko etete klausula daukanari, denboraldi osoan keinurik ez egitea Ibaiganetik? Eta nola ote da posible aurreko udan, uztailean, berarengana jo ez izana?
Galdera hauek erantzun nahiko nabarmena dute: Athleticek ez du kirol zuzentzailerik, ezta futbol alorreko profesionalik ere, Caparrósen gainetik erabakiak hartuko dituenik. Garcia Macuaren esanetan, klubak ez du horrelako figurarik behar, baina argi geratzen ari da Ibaiganen talde profesionalaren kudeaketan eta kirol planifikazioan hutsune handia dagoela.
Duela hilebete batzuk, Joseba Llorente eta Iñigo Velez de Mendizabalen gainean galdetu ondoren, Jose Luis Mendilibarrek honakoa adierazi zion GARAri: «Horrelako apustuak lehenago egin behar dira. Jokalari batengan sinesten baduzu, bi edo hiru urte lehenago joan behar duzu berarengana. Nire ustez, ez da itxaron behar jokalari batek urte on bat edo 15 gol egin arte fitxatzeko erabakia hartzeko».
Urriko hitzak dira, baina zaldibardarrak orduan eginiko planteamendua bete egin da. Orain, Athletic egoera zail baten aurrean dago, datorren denboraldiari begira aurrelari bat fitxatzeko.
Dagoena eta beste aukerak
Talde zuri-gorriak bi aurrelari ditu egun, Aduriz eta Fernando Llorente. Urzaizen hutsunea duintasunez betetzen ari dira biak, baina soilik 12 gol lortu dituzte. Herculesen Ion Velez ari da. Tafallarrak utzita dihardu Goikoetxearen taldean. Bertan, hiru gol egin ditu, baina ez dirudi aurrelari postua indartzeko Caparrós bere itzulerarekin bakarrik konformatuko denik.
Azken egunetan Athleticeko harrobian ibilitako beste jokalari baten izena agertu da, Kike Solarena. Cascantekoa oso ondo jokatzen ari da bigarren itzulian eta Osasuna haren kontratua hobetu nahian dabil. Oraingoz, gorritxoak Erriberako aurrelariarekin duen lotura handitu nahian dabiltza, kontratuaren iraupenaren aldetik, soldataren alorrean eta etete klausula igotzeko asmoz, baina ez dute akordiorik adostu oraingoz.
Beste aukera bat Iñigo Velez de Mendizabal izan daiteke. Gasteiztarrak oso ondo hasi zuen denboraldia Murtzian, baina orain ez du Clementeren konfidantza bereganatu.
Azkenik, planifikazio falta horren beste kasu bat dago: Asier Goiria. Zornotzarrari, Lezaman ibili, eta Bigarren B mailan hainbat gol sartu ondoren, Eibarren aritzeko aukera heldu zitzaion. Armaginekin 12 gol egin ditu eta orain Athleticen aukerak zabalik izan ditzake. Ez legoke txarto, baina Ibaiganen dagoen hutsune horren beste eredu bat da.
Era ya un secreto a voces, pero Athletic y Aviron de Baiona confirmaron ayer el acuerdo por el que ambos clubes estarán convenidos desde el próximo 1 de julio para los siguientes tres años. El Athletic entra de lleno en el fútbol del norte del país.