GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Lehia noblearen jagoleak

Bitxia gertatzen zait. Hala ere, antza denez, sindikalistak ez dira parte onekoak. Lakuako Ogasun Saileko buruek «On the Waterfront» filma ikusi berri dute, nonbait, eta Elia Kazani bezala, sindikalista eta mafiosoen kontra ekiteko gogoa egin zaie. Joan den astean sindikatuak elkarretaratu egin ziren Gasteizen Lehiaren Euskal Zerbitzuak, komunista zitalen usaina hartuta, haien kontra abiatu zuen ikerketa salatzeko. Merkataritza gune handietako langileek ez dutela jaiegunetan lanik egin nahi...? Txorakeriak, Jainkoaren egunean lanik ez egitea eta horrelakoak antigoaleko kontuak dira. Gaur egun Eliza katolikoa modernoa da, eta berak akzioak dituen enpresetan ere langileek, hala behar izanez gero, gogotik egingo dute lan. Baina sindikatuek, lanak gizon-emakumeak duin egiten dituela konbentzitu ordez, arrazoia eman diete langileei. Zalantzarik ez, ikerketa sakona merezi dute.

Atzo jakin genuenez, Lehiaren Tribunalak Hiru sindikatua zigortzeko prozesua hasi du, Lehiaren Euskal Zerbitzuak egindako espedientearen ondorioz. Garraiolari autonomoen sindikatu bat garraiolarien arazoengatik kezkatzeak ere jardun mafiosoa ematen du eta, horretan ere ez dago zalantzarik, zigorra merezi du.

Lehia noblearen jagoleek, jakina, herritarron onerako egiten dituzte ikerketak, gehienon ongizatea bermatzeko daude sindikatuak zigortzeko prest. Baten batek pentsa lezake onuraduna kapitala dela, eta horiek ez direla gehiengoa... Ezetz? Nork du dirurik gehien, bada? Gainera, ekonomia bide onetik joango bada, onuradunak enpresari handiek eta finantzari potoloek izan behar dute. Gauza handia da gure ekonomia hazi eta hazi ari dela esan ahal izatea; horregatik, hura moteltzen denean, denon ardura da garai gogorrei aurre egitea.

«Gure» gobernariek eta klaserik gabeko gizarte honetako klase politikoak «etika» eta «justizia» hitzak ebakitzen dituztenean gero eta barre ozenagoak egiteko modukoa da. Hala ere, kalean horrelakoak hizpide dituztela ikusten ditudan lagun gazte-zaharrek ondo asko gordetzen dute barregura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo