GARA > Idatzia > Jo puntua

Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea

Herri borondatea

PNVkoek aspaldi galdu zuten iparra; negozioak oraindino ez, eta horren beldur dira

Galduta daukat neure iparra, noraezean nabil aspaldi, ez dakit zeintzuk diren nire eskubideak, gutxiago non hasi eta non bukatzen diren, ehiza-pieza bat dirudit. Hala eta guztiz ere, lasai nago pentsatuta ez naizela horrelakoak pairatzen dituen bakarra; ohikoa, baina ez gustukoa deritzot gehiengoen borondatezko indarkeriaren menpe jarraitzeari, baina hau ez dakit betiko izango den ala ez, nazkatu nautelako, eta ez nago prest jokoari jarraitzeko.

Aspaldiko istorio tristea da, aldamenekoak itxurakerietan galtzen diren bitartean, norberaren ideiak aurrera ezin eroan egotea, eta, egia esan, azkeneko urteetan herri honetan gertatzen dena ez da txantxetakoa;

-Gutxi badirudi bozketetan aukeratutakoa ez errespetatzeak, inposaketaren bidez isiltzen gaituzte, edozein aitzakia erabiliz, gaur kolaboratzailea zarela esan, gero kutsatua, bestean terrorista... beti legeak moldatuz uneko egoerara edo ezinezkoa den horretara.

-Normaltasun osoz onartzen da estatu atzerritar biren menpe egotea eta beraien legeetara egokitzea gure eguneroko bizitza.

-Giza eskubideen aldarrikapena inoiz onartu da aho batez parlamenturen batean, baina hemen ez da inoiz errespetatu; edonor izan ahal da torturatua edo atxilotua froga barik edo bizi osoko zigorra jaso. Adibide asko daude horrelakoak Txina edo AEBetara joan gabe.

-Herri honetan, lurraldearen zatiketa ere ontzat emanez, aurrera eroaten dira politika guztiak; beraz, herri gisa ez garela existitzen aintzat hartu dugu.

-Euskaldunak gure herrian ez daukagu euskaldun modura bizitzerik, ez direlako errespetatzen gure eskubideak, hemen Euskal Herria osoan espainola eta frantsesa direlako hizkuntza ofizialak, nirea berau arrotza.

-Gure herrietan ez dago adierazpen askatasunik, ez kazetari librerik ez iritzi ofizialetatik irteterik, dena ondo neurtua delako, komunikabide publikoak ere eskuin muturreko alderdien kontrolpean daudelako...

Eta saltsa honetan besteak eroso, jakin badakigu, zeren herri honetan kontsulta barik aurrera eroan dira proiektu denak, eta egon diren astakeriez ez da sekula azalpenik emango.

Eta errepresioa areagotzen ari den bitartean, lege ez-demokratikoei eta lege andre-gizon ustelei esker, agintzen dutenak inoren biolentzia aipatuz gaitzespenak exijitzen dizkiete zapalduei... eta honela jarraitu dezakegu bizitza osoan.

Bitartean, Euzkadiko eta Navarrako eskuin muturreko alderdietakoak (PNV eta UPNkoek) beren negozioak zaindu ezinean dabiltza PP eta PSOEren jokoan sartuta. Egia esan, ez nuen besterik itxaroten, argi geratu delako urte asko igaro ondoren, inoiz ez dutela beste helbururik izan. Gure amamak esaten zidan Franco inozoa izan zela, zeren ikurrina, txistua eta danbolina aske utzi balitu, hemengo eskuin muturreko alderdietakoek berarekin bat egingo zuten gustura.

Egia esan, PNVkoek aspaldi galdu zuten iparra; negozioak oraindino ez, eta horren beldur direnez, prest daude defendaezinak diren ekimenak aurrera eroateko, urte larregi eman dute gehiengoarekin agintzen, inori azalpenik eman gabe eta herri borondatea inoiz aintzat hartu barik, gure herria beraien enpresa bat balitz bezala kudeatzen, bitartean disidentzia osoa zapalduz. Ahaztu zaie negozio honetan gure dirua ere badagoela, borondatez kontra hartua eta kudeatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo