GARA > Idatzia > Eskubaloia

Emakumezkoen igoera fasea

Baztan taldeak maila nagusira heltzeko lehen urratsa eman nahi du

Jon LEUNDA | ELIZONDO

Gaurtik aurrera jokatuko dute emakumezkoen Ohorezko Mailara igotzeko lehen fasea. Bi multzotan banatuta arituko dira. Bata Barakaldon jokatuko dute, eta han izango da Zuzazo, herriko taldea; eta, bestea, Alcobendasen, eta han arituko dira Baztangoak.

Lehen fasean, lehenengo egiten duten biek egingo dute aurrera, eta handik bik lortuko dute Ohorezko Mailarako txartela. Joxe Iturtzaeta, Elizondokoen entrenatzailea, ilusioz gainezka da: «Ez da erraza izango. Hiru partida jokatu beharra dago, eta hutsik egiteko tarterik ez da. Hala ere, orain arte bezala arituz gero, aurrera egin dezakegula uste dut», esan zuen.

Nafarrek Alacanten, Alcobendasen eta Valentziaren aurka jokatu beharko dute. Hiruretatik bat bera ere ez da izan Baztanen multzoan, eta lehenengoz jardungo dute haien aurka: «Denboraldian ez dugu haien aurka jokatu. Hala ere, saiatu gara beren partidak ikusten. Alcobendas etxean izango da, baina Valentzia da arriskutsuena. Beti dabiltza puntan», esan du. «Garrantzitsua izango da lehen partida irabaztea, baina, hori galduta ere, beste biak irabaziz gero, sailkapena lortuta dago. Inportantea da aurrera egingo duenari ere irabaztea, horrela, azken fasera bi punturekin heltzen baitzara», erantsi zuen. Baztanek gaur Alacanten aurka jokatuko du. Taldean, etxeko jokalariez gain, hungariarrak, errumaniarrak, espainiarrak eta Turmenistaneko bat badituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo