GARA > Idatzia > Tau

McDonald afera

Estatubatuarra ez da izango Euroligako poster ofizialean

Pablo Prigioniren iritziz, McDonaldek «beroaldiaren ondorioz» hanka sartu zuen entrenatzailea gutxietsiz; «gutxi jokatzeak eragindako haserrea» izan ei zen

p052_f01_097x140.jpg

Arnaitz GORRITI | GASTEIZ

«McDonald aferak» beste kapitulu bat izan zuen atzo. Madrilen maiatzaren 2tik 4ra bitartean egingo den Final Fourrerako poster ofizialerako argazki saioa izan zuen atzo goizean Tau Baskoniak, eta Will McDonald ez zen bertan izan. Hasiera batean, pibot estatubatuarra «aldi baterako taldetik at» utzi du talde gasteiztarrak, baina Final Fourrerako taldera berriro integratuko zela ziurtzat jotzen zuten gehienek. Madrilgo hitzordurako bi aste falta diren arren, adierazgarria da, ordea, McDonald poster horretatik kanpo uztea.

Joan den astelehenean pibot estatubatuarrak -Estatu espainoleko emakume batekin ezkondurik egoteagatik komunitario gisa joka dezakeena- Neven Spahija «taldearen mailaz azpitik» dagoela esan ondoren, asteazkenean taldetik kanpo laga zuen aldi baterako klub baskonistak. Hala, esaterako, bihar Valladoliden Grupo Capitolen aurka ez du jokatuko. Ikusteko dago, orain, Josean Kerejetak zuzendu taldeak ezarritako zigorra noiz joko duen betetzat.

Beroaldiaren kontuak

Talde arabarrak istilu hau albait arinen itxi nahi du eta McDonalden adierazpenok «beroaldi baten» kontutzat laga.

Hala mintzatu zen atzo Pablo Prigioni, Tau Baskoniako beteranoenetako bat, argazki saioaren ondoren.

«Nik uste, gutxi jokatzeak eragindako beroaldia izan zela. Bospasei minutu baino ez zituen jokatu larunbatean eta, horregatik haserretuta, gaizki erreakzionatu zuela bistakoa da».

«Willek badaki hanka sartze larria egin duela, baina orain arazo hori konpondu egin behar da. Ahalik eta bizkorren eta hobekien konponduko ote da dena», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo