«Ametsak beteko dituen» gaztetxearen alde eginen dute Gazte Eguna Lesakan
GARA |
Lesakako gazteek urtero legez «aldarrikapena, antolakuntza, besta eta borroka uztartuz» antolatu ohi duten Gazte Eguna eginen dute bihar. Aurtengoan, «aspalditik herrian eskatzen ari garen gaztetxearen alde», azaldu dutenez. «Gazteok alternatiba bat garela erakutsi nahi dugu. Errealitatea irauli nahi dugu, kateak apurtu, sistemak ezartzen dizkigun ereduak puskatuz gazte askeak sortzeko asmoz».
Hala egin zuten duela hamar urte baino gehiago Lesakako gazteek, eta oraingoek, «gu baino zaharragoek hasitako bidean lekukoa hartu genuen, eta urtez urte urratsak ematen ari gara gazte espazioak borrokatu eta irabazteko».
Paella, jokoak, kontzertuak...
Aitzineko urteetan hainbat ekitaldi eta Ekon, Koma, La Polla, Betagarri, Habeas Corpus eta Anestesia taldeen kontzertuak antolatu diren bezala, bihar Lasha, Las Moscas Trompeteras, Hesian eta Etsaiak taldeak izanen dira Lesakan. Hala ere, besta egun osokoa izanen da; goizean hasiera ekitaldia eginen dute bertsolariekin, txalapartariekin eta hizlariekin.
Ondotik Iruñerriko okupazio mugimenduari buruzko emanaldia eskainiko dute, eta segidan harri-zulatzaileen ikuskizuna, bertsolariek lagunduta. Eguerdirako paella txapelketa antolatu dute eta gero, prestatutakoarekin, herri bazkaria. Arratsaldean, gazte-taldeen arteko jokoak egingo dituzte, eta amaitzean, kalejira-poteoa Txortain Elektrotunarekin. Urtero legez, kontzertuekin segituko du bestak gauean barna.
«Zenbatetan aditu ote dugu gazteak alferrak garela? Edo ez dugula etxetik joan nahi? Edo dena eskura izanik hagitz ongi bizi garela eta kexatze hutsagatik kexatzen garela?». «Topiko» horien aitzinean, «antolatzen eta borrokan» ari direla erakutsi nahi dute, «egiteko anitz dagoela» ahantzi gabe. Euskal Herriko gazteriak «lan kontratu duina eta etxebizitza» lortzeko dituen zailtasunak, «hizkuntzaren zapalkuntza» eta «gure jai eredua kapitalismoak bultzatutako `desfase' kulturan» oinarritzen dela gogorarazi, etaLesaka ez dela «isolaturik dagoen irla», eta hango gazteek arazo berak dituztela jakinarazi nahi izan dute.
Hein horretan, aspaldi hasitako «gaztetxearen aldeko borroka» berritu nahi izan dute. «Orain bai argi erran dezakegula: Lesakan ere gaztetxea nahi dugu!». Asmo hori agertzen du aurtengo Gazte Egunaren leloak berak: «Amets bat, ilusio bat, gaztetxe bat!». «Denon ametsak beteko dituen gaztetxea lortzeko», biharko bestan «ongi pasatzeko, antolatzeko eta borrokatzeko» animatzen dute.