Kontseiluak bidea eginen du herriz herri, erakusketa batekin
Erakusketa ibiltari bat antolatu du Kontseiluak hamar urteotan martxan jarri dituen proiektuak era grafiko eta entretenigarrian azaltzeko. Panel, argazki, bideo eta, batez ere, ordenagailu bidezko aurkezpenen bidez, egindako ibilbidea oroitarazi eta aitzinera begirako interesa piztu nahi dute herritarrengan. Baigorri, Tolosa, Portugalete, Amurrio, Gernika, Markina, Iruñea, Bergara eta Lazkao bisitatuko dituzte uda bitartean, eta gero herri gehiagotara joanen dira.
Maider IANTZI |
Eranskailuak, ikus-entzunezkoak, liburuak, panel koloretsuak, argazkiak... Denetariko euskarriak baliatu zituzten atzo Donostiako Doka aretoan «Kontseilua, 10 urte bidea irekitzen» erakusketa interaktiboa aurkezteko. Hamar urte bete dituzte aurten eta urte osoa hartu dute ospatzeko, ekintzak antolatzeko, egindakoaren berri emateko.
Idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek, adierazi zuenez, gauza anitz egin dute hamarkada honetan eta ekintza horietako batzuk hagitz ezagunak dira: lan munduan eragiteko Bai Euskarari Ziurtagiria; hizkuntza eskubideak errespetarazteko Behatokia eta Euskararen Telefonoa; maila politiko eta sozialean eragiteko hainbat ekintza, besteak beste, udalen hizkuntza-politikaren neurketa eta horren jarraipena... Euskal Herriko txoko guztietara bideratu dituzte euskararen aldeko ekintzak eta gaur egun 122 herritan jarduten dute lanean.
«Kontseiluaren lana euskarari bidea irekitzea izan da eta oraingoan ere bidea egiten jarraitu nahi dugu erakusketa honekin», jakinarazi zuen Mendigurenek. Herriz herri ibiliko dira jendeari zer lan egiten duten azaltzen. Apirilaren 26an Baigorri bisitatuko dute; maiatzaren 5ean Tolosa; 9an Portugalete; 12an Amurrio; 19an Gernika; 26an Markina; ekainaren 2an Iruñea; 16an Bergara; eta uztailaren 7an Lazkao.
Lema eta aro berriak
Idazkari nagusiak oroitarazi zuenez, oihu batekin abiatu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua: «Bai euskarari». Aldarrikapen horrekin gizarteratu zen, lelo horrekin bete zituzten 125.000 herritarrek bost kirol estadio 1998ko abenduan. Orain, lema hori baztertu gabe, bertze bat proposatu dute: «Euskaraz bai». Euskarak batez ere ikastea eta erabiltzea behar duela ohartu dira, eta «Euskaraz bai» erranez hasiko dute aro berria eta erakusketa.
Aro berri honetan hitzordu garrantzitsu bat jarri dute: abenduaren 13an eginen dute 10. urtemugako ekitaldi nagusia Barakaldoko erakustazoka erraldoian; asmoak eta ikuspegiak aditzera emanen dituzte. Ekintza jendetsua izatea nahi dute eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.
«Euskaraz bai» dinamikaren arduradunak, Zigor Etxeburuak, erakusketari buruzko xehetasunak eman zituen. Osagai garrantzitsuena euskarri informatikoa dela eta ikusleek batez ere ordenagailua erabiliko dutela jakinarazi zuen. Era kronologikoan antolatu dituzte edukiak. Hiru hizkuntzatan daude eta ibilbide bat irudikatzen dute: sorrera, Egunkaria Sortzen elkartearekin eta Euskararen Unibertsoarekin; herrietarako jauzia 2000. urtean, Bai Euskarari akordioarekin eta ziurtagiriaren abiaraztearekin; Behatokiaren eta Euskararen Telefonoaren sorrera hurrengo urtean; Egunkariaren itxieraren aurrean emandako erantzuna, 2003an; Akordio Soziopolitikoa, hurrengo urtean; hizkuntza politikaren neurketa udaletan, 2005ean; etorkinekin jardutea, 2006an eta 2007an. Azkenik, hemendik aitzinerakoari heltzen diote.
Ez dago testu luzeegirik eta irudiek indar handia dute egindako bidea gogorarazteko. Sariketa txiki bat dago edukietan erreparatzeko, eta Interneteko lotura informazio sakonagoa lortzeko. Erakusketak «Euskaraz bai» adierazpena ezagutarazteko eta atxikimenduak biltzeko ere balio duela azaldu zuten. Herritarrek testuarekin bat egiteko aukera izanen dute; «Euskaraz bai» bertzerik ez dute erran behar horretarako. Gauza bera egin daiteke, modu errazean, www.kontseilua.org/euskarazbai webgunean ere.
Erakusketaren aitzakiarekin, Euskaraz Bai Astea prestatuko dute tokian tokiko euskalgintzako langileekin elkarlanean. Besta aberatsa izanen dela adierazi dute.
Euskararen gaineko hitzaldiak eginen dituzte; antzerkiak; graffiti erakusketak; pilota partidak... Tolosan, adibidez, Ken 7 taldearen kontzertua izanen da maiatzaren 5ean.