GARA > Idatzia > Gutunak

Koldo Alduntzin Donostia

Joko Olinpikoetara, Espainiarekin

Egunotan, Pekinen izango diren Joko Olinpikoetan parte hartuko duten euskal kirolariei eginiko elkarrizketak entzuten ari gara. Atzo goizean, esate baterako, Euskadi Irratian aritu ziren kirolari batzuekin solasean. Era askotako galderak egin zizkieten esatariek: beren sentimenduei buruzkoak, prestakuntzari buruzkoak... Tibeten aldarrikapenei buruzko galderaren bat ere izan zen, baina ezta aipamenik egin ere honi buruz: euskaldunak izanik nolatan joango diren Espainiaren ordezkari gisa lehiatzera. Nonbait, eta hau ohiko bihurtu da, ontzat eman behar dugu euskaldunon selekzioa Espainiakoa dela, sarri aipatzen baitituzte honako esaeren antzekoak: guztira lau euskaldun ariko dira selekzioarekin Joko Olinpikoetan, selekzioarekin ariko dira Joko Olinpikoak prestatzen... Gehienetan ahaztu egiten zaie Espainiako selekzioarekin ariko direla esatea, eta are okerrago oraindik, esatariek «euskal ordezkariak» aipatzeko tentazioa ere izaten dute.

Nire ustez, argi utzi behar da kirolari horiek ez direla euskal ordezkariak, Euskal Herriak ez baitu inor bidali Espainiaren izenean lehiatzera. Kirolari horiek beraiek onartu dute Espainiarekin lehiatzea eta beraiek jakingo dute zergatik, baina ez ditzagun gauzak nahas; Espainia gauza bat da eta Euskal Herria beste bat.

Bestalde, ez dut Frantzia aipatu, ez dudalako uste Ipar Euskal Herriko kirolaririk ariko denik Joko Olinpikoetan, edo hedabideek, behinik behin, ez dute jakinarazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo