Beisbola
Pamplona taldeak lortu ditu emaitzarik onenak
J.L. | DONOSTIA
Pamplona taldeak lortu ditu Ohorezko Mailako emaitzarik onenak. Navarrak, aldiz galdu egin ditu bere neurketak, eta San Inazio Bilbokoari atseden hartzea egokitu zaio pasa den asteburu honetan.
Pamplona izan da etxean aritu den euskal talde bakarra, eta Viladecamps hartu du etxean. Larunbatean astindu handi samarra hartu zuten, eta hala, 7-1 galdu.
Herenegun, ordea, oso partida ona egin zuten, eta adituen esanetan, azken urte hauetan Burlatan ikusi den jokorik ikusgarrienetakoa izan omen zen. Nafarrek oraingoan 2-1 irabazi zuten.
Navarra taldearekin itxaropen handiak zeuden denboraldi honetarako, baina orain arteko emaitzak ez dira aurretik irudikatu ziren bestekoak. Asteburuan Fonorte taldearen aurka jokatu du, eta bi partidetan galtzaile atera da. Lehenengo neurketa, 6-0 galdu zuten, eta bigarrena, berriz, 10-2.
Sofbola
Sofbolean ere gauzak ez doaz batere ongi. Ohorezko Mailan dagoen euskal talde bakarra Atlético San Sebastián da, eta gipuzkoarrek jokatutako partida guztiak galdu egin dituzte. Asteburu honetan Fonorte taldea zuten aurrez aurre etxean, baina jokatutako bi partidak galdu egin dituzte. Lehenengo neurketan nahiko ongi aritu arren, 11-4 galdu zuten. Bigarrengoan maila ahulagoa erakutsi zuten, eta berriro ere galdu egin zuten, horretan, 8-1 emaitzarekin.