GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Donibane Lohizunek dagoen lekuan jarraituko du

Lapurtarrek irabazi egin zuten beren norgehiagoka, baina emaitza hori ez zuten aski izan Pro 2rako igoera fasean aurrera egin ahal izateko

p052_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aurten ere bidean geratu da Donibane Lohizunek Pro2ra igotzeko zuen asmoa. Igoera fase honetako ligaxkako azken jardunaldia jokatu zuten asteburuan. Lapurtarrek, irabazita, aukera asko zuten azken kanporaketarako sailkatzeko, baina Aix taldeak ere ezustean garaipena lortu zuen, eta euskaldunak aukerarik gabe utzi zituen.

Olorue zuen aurrez aurre talde lapurtarrak, eta bazekiten irabazi egin behar zutela, hori lortuz gero aukera asko izango zituztela aurrera egiteko. Hala ere, dena ez zegoen beraien esku. Valencek Aixen zelaian berdindu edo irabazi egin behar zuen, eta horrela izan ez zenez, berde-gorrien garaipenak ez zuen ezertarako balio izan.

Donibane Lohizuneko jokalariak erasora atera ziren lehen minututik, eta erraz jokatu zuten. Oloruek, berriz, ez zuen ezer jokoan, eta hori asko nabaritu zen berdegunean, izan ere, amaieran etxekoak 41 eta 14 irabazi baitzuten.

Euskaldunak oso eroso aritu ziren, eta sei entsegu ere gauzatu zituzten. Moges (2), Zubizarreta, Elizondo, Izquierdo eta Labrouche izan ziren egileak. Ibarburuk drop bat gauzatu zuen, eta Elizondok, aldiz, lau transformazio.

Herenegungo horrekin amaitu da lapurtarren denboraldia. Ona izan da orokorrean, baina nahi baino lehenago amaitu dute. Orain taldea prestatzeari ekin beharko diote datorren urtean berriro ere gora igotzeko aukerak izateko.

Jaitsiera fasean, dena erabakita zegoen azken jardunaldia abiatu aurretik. Maulek bazekien Lehen Mailan jarraituko zuela, baita Nafarroak ere, heldu den urtean Bigarren Mailan jokatu beharko zuela.

Bi taldeok jokatutako neurketetan ederki nabaritu zen horiek ez zutela ezer jokoan. Maulek, 25-0 galdu zuen Chateaurenarden zelaian. Zuri-gorriek lasai jokatu zuten, ohikoak ez direnen batzuei aukera emanez, eta ezer gutxi egin zuten.

Nafarroak, aldiz, maila galduta zuela jokatu zuen azken partida eta astindu ederra hartu zuten Poitiersen zelaian, 63-8 galdu baitzuten. Bederatzi entsegu hartu zituzten euskaldunek, eta horrek erakusten du zer-nolako maila eman zuten. Verdunek egin zuen hori-gorrien entsegua, eta Iturririak zigor-kolpe bat gauzatu zuen.

Ohorezko B Mailara

Atlético San Sebastiánek, berriz, datorren urtean Ohorezko B Mailan jokatuko du, igoera faseko azken kanporaketako itzulerako partida Hospitaleten 26-18 galdu zuen arren. Joanekoan, ordea, 41-21 irabazi zuenez, nahikoa izan zuen emaitza hori igoera ospatu ahal izateko. Orain mailako finala jokatzea geratzen zaio, eta hori Belena taldearen aurka izango da.

Hurrengo urtea

Liga Federaleko Lehen Mailan, Donibane Lohizunek eta Maulek mailan jarraituko dute, Nafarroa jaitsi egingo baita. Orain, ikusteko dago, maila honetara Bokalek igoera lortuko duen ala ez.

Igoera

Atlético San Sebastiánek lortu du Ohorezko B Mailarako igoera, nahiz eta Hospitaleten azken partida galdu zuen. Horrela, Gipuzkoak bi talde izango ditu maila nagusian, eta beste bi bigarrenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo