GARA > Idatzia > Kultura

Mendebaldeko Saharan aurkikuntza garrantzitsua egin dute 11 arkeologoek

p057_f02_88x64.jpg

GARA | SAHARA

Saharako eta Euskal Herriko 11 arkeologoz osatutako talde batek, 2004. urtetik hona uztartu dituen lankidetza egitasmoari esker, balore handiko 300 aztarnategitik gora aurkitu dute Saharan. VI. eta V. mendetako hilobiak, batzuk 20 metrokoak ere badirenak, eta granitozko zoruan egindako grabatuak ere aurkitu dituzte, non antilopeak, hipopotamoak, elefanteak eta jirafak irudikatzen diren.

Lakuako Gobernuak sustatutako proiektu honi esker, lau espedizio egin dira azken lau urteetan Mendebaldeko Saharako Tiris eskualdean, Andoni Saenz de Buruaga Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko irakaslearen gidaritzapean.

Zehazki, Tiris izeneko eskualdean egin dituzte 11 arkeologoek lanak -bost euskaldun eta sei saharar-, hain zuzen, Mendebaldeko Sahararen hego-ekialdean. Arkeologia lanak egiteko 117 egun eman dituzte lanean eta guztira 53 lekutan egin dituzte azterketa lanak. «Eskualde honetan, III. milurtekoaren hasieran 15 aztarnategi baino ez ziren ezagutzen», azaldu zuen Saenz de Buruaga irakasleak aurkikuntzen berri emateko atzo Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Bere ustez, Tirisen ondare arkeologikoaren aberastasuna «lorpenik handienetakoa» da ikerketa eta elkartasun proiektu honen barruan.

«Zientifikoki ulertzen»

Irakasleak adierazi zuenez, orain froga nahikoak dituzte eskualde honen azken 10.000 urteak «zientifikoki ulertzeko», eta sabana subtropikal gisa itxuratzeko.

«Biziraupena bermatzeko ezinbestekoak diren baliabide natural ugari zegoenez, bizitzaz gainezka zegoen», gaineratu zuen Saenz de Buruagak.

Prentsaurrekoan ere izan zen Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburuak bere aldetik, Saharako agintarien ikuspegitik, egitasmoa Kultura Ondarearen Zentro Nazionala litekeenaren «ernamuina» dela esan zuen. Nazioarteko «elkarlanerako aukera eder bat» dela, halaber, argitu zuen, nahiz eta sarri askotan «alboratutako alorra izan», bai behintzat herri honek dituen «lehentasunezko premiak eta bizi duen egoera lazgarriaren ondoan». «Beraz -laburbildu zuen- proiektu honen helburua argia zen: elkartasunetik saharar herriaren ondarearen garapenari laguntzea, baita garapen intelektual, didaktiko eta sozialari ere».

Hilobi eta errito multzoak

Duela hilabete amaitu den azken indusketen kanpainari dagokionez, Saenz de Buruagaren ustez emaitzei erreparatuta «luzeena, intentsoena, gogorrena eta, aldi berean, emankorrena» izan da.

Hala, 117 aztarnategi berri aurkitu dituzte, funtzionalki eta kronologikoki honela banatuak: Neolito aroko hilobi eta errito multzoak; Neolito aroko herrixka eta bizilekuak; Neolitoko arroka silizioen lantegiak; Erdi-Paleolitoko multzo industrialak, eta Behe-Paleolito aroko multzo industrialak. Arkeologo taldearen zuzendariak, gainera, hurrengo espedizioa udazken aldera izango dela argitu zuen.

Era berean, urtea amaitu baino lehen Tirisko arkeologia ondarearen lehen katalogo-inbentarioa kaleratuko dute, saharar giztartearen eta nazioarteko komunitate zientifikoaren artean banatu ahal izateko. Azkaratek esan zuenez, hein horretan, saharar gizarteari egiten zaion ekarpena «lagungarria izan beharko litzateke inplikazioa, integrazioa eta aurrerabide maila» lor dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo