GARA > Idatzia > Editoriala

Paraguai, zailtasunen eta itxaropenaren artean

Fernando Lugo, Aldaketarako Batasun Abertzaleko (APC) hautagaia, izango da Paraguaiko hurrengo presidentea eta, hartara, Partido Colorado alderdiak boterea utzi beharko du 61 urte agintean izan ostean. Lugoren garaipenaren berehalako irakurketa batean, herrialde hartan nagusi den aldaketa nahiaren ondorio izan da hautaketa hori. Paraguai Hego Amerikako bigarren herrialderik txiroena da, Boliviaren atzetik, emigrazio handia eta langabezia tasa ikaragarria dituena; ez da harritzekoa, hortaz, aldaketa nahi hori Latinoamerika osoan hauteskundez hauteskunde agerian geratzen ari den joera orokorraren norabide berean.

Paraguaiko herritarren nahi hori gorabehera, ez dirudi presidente berriaren agintaldia erraza izango denik. Ez ditu erronka txikiak aurrean, ezta hurrik eman ere: nekazaritza eta energia erreformak edota pobrezia handia eta ustelkeriaren aurka borrokatzea, esaterako, eta oposizio gogorra izango du, Partido Coloradok ez baitu gogo onez onartuko berak hainbeste urtean -horietako 35 Alfredo Stroessnerren diktaduran- ezarritako norabidea aldatzea, are gutxiago aldaketa horrek herrialdeko bizilagunen beharren norabidea hartzen badu; errotiko aldaketa bada, alegia. Ezin ahaztu, gainera, AEBek herrialdean duten eragin handia. Izan ere, esanguratsua izan da hauteskunde kanpainan Lugo AEBek jomugan dituen gobernuekin eta are gerrillekin lotu izana. Baina Paraguaiko hurrengo presidenteak ez die erronka horiei soilik aurre egin beharko. APC joera ezberdineko, oso ezberdineko, indarrek osatzen dute, Benetako Alderdi Liberal Erradikaletik (PLRA) nekazarien eta indigenen ezkerreko alderdietara, eta ez da erraza izango, halaber, joera horiek bateragarri egitea.

Fernando Lugok Paraguaira justizia soziala eramateko izango dituen zailtasunak ez dira gutxiesteko modukoak; halere, hasiera ere, Partido Colorado boteretik bidaltzea, hain zuzen, ez da aurrerapauso makala izan. Eta badira esperantza izateko motibo gehiago: zailtasun horiei aurre egiteko Latinoamerikaren joera askatzailearen babesa izan lezake eta, aldi berean, berak joera hori indartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo