GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza gutxituak ofizialki onartzeko eskatu diote Sarkozyri

Alsaziarrak, bretoiak, euskal heritarrak, okzitandarrak, kortsikarrak, kataluniarrak eta Reunion uhartekoak elkar hartuta, gutuna igorri diote Sarkozy presidenteari maiatzaren 7an Asanblada Nazionalean hizkuntza gutxituei buruz egingo den eztabaida baliatuta, hizkuntzok «behar bezala babesteko, behingoz berezko legeria» abian jar dadila eskatuz. Beste une batzuetan gaia aztertu izan bada ere, gai zerrenda ofizialean jasoko duten lehen aldia izango da.

p023_f02_97x132.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Duela hilabete bat Estatuko hizkuntza gutxituen alde jarduten duten hainbat elkarte eta mugimenduk osatu zuten plataformaren lehen ekimena aurkeztu zuen atzo, Baionan, Euskal Konfederazioak (EK). Berarekin batera, erakunde okzitandar, bretoi, alsaziar, kataluniar eta korsikarrek, baita Reunion uhartekoek ere, Gobernu frantsesari beren hizkuntzak ofizialki aitortzea eskatzeko plataforma sortu dute.

Eskakizun bateratuak jasotzen dituen agiria osatzea izan da lehen lana. Bertan gogorarazi dutenez, beren hizkuntzen «biziraupena mehatxatuta» dagoela nabarmenduta, nazioarteko hainbat erakundek (Unesco, NBE, EB...) etengabe adierazi izan du neurriak hartu behar direla. Alta, Estatu frantsesak, gomendio horiei «muzin» egin, eta bere lurraldean dauden hizkuntzekiko politika «ezkorrak» garatzen dituela esan dute.

Konstituzioaren 2. artikuluan egin zuen moldaketa edota Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi nahi ez izana dira, agirian jasotakoaren arabera, jarrera horren lekuko batzuk.

Hizkuntza guztiak berdinak direla, garatzeko eskubidea dutela eta hiztunek beren hizkuntzan trukatzeko, jasotzeko eta adierazteko duten eskubideen aldarrikapena egiten du agiriak.

Aginduak agindu

Sarkozyk, iaz, presidentetzarako hautagaitzat aurkeztu zenean agindutakoa gogorarazi zuten EK-ko kideek. Orduan, «Frantziako erregio-hizkuntzen egoerari behingoz heldu» behar zitzaiola esan zuen. François Fillon lehen ministroak, bestalde, urtearen hasieran Pariseko Asanblada Nazionalean gai horri buruz eztabaida egiteko engaiamendua hartu zuen.

Orain jakin dute maiatzaren 7an egingo dela hizkuntza gutxituei buruzko eztabaida. Horren karietara, gutuna igorri diote Sarkozyri, aipatu agiriarekin batera. Bertan, beraien hizkuntzen «biziraupena bermatzeko, lege bereziak ezarri eta benetako hizkuntza politikak» plantan ematea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute. Hizkuntzaren normalizazioa bideratzeko, politika horiek jaso beharko lituzketen neurri batzuk ere zehaztu dizkiote presidenteari, igorri mezuan.

Erantzun argiak espero dituztela gaineratu, eta eztabaidaren gorabeheren arabera, beste ekimen batzuk beren gain hartzeko prest agertu ziren EK-ko kideak.

2008, urte egokia

Unescok 2008a Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu duenean, eta Estatu frantsesak Europar Batasuneko lehendakaritza ekainean hartuko duenez, hizkuntzak babesteko «une egokia» dela esan diote Sarkozyri.

MAIATZAk 7

Egun horretan Pariseko Asanblada Nazionalean hasiko den eztabaidak hizkuntza gutxituei babesa emateko balio behar duela uste du plataformak. Estatuak «nazioartean hartu dituen konpromisoak betetzeko aukera» duela gaineratu diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo