GARA > Idatzia > Pilota

Pala Zortzi eta Erdiko Txapelketa

Zortzi pilotari iaz Fustok jantzitako txapelaren bila

Gaubeka, Ziskar II.a, Urkijo, Lujan, Imanol, Galan eta Gaubeka dira argentinarrari titulua kentzeko hautagaiak

p048_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Fusto, Gaubeka, Ziskar II.a, Urkijo, Lujan, Imanol, Galan eta Velilla izango dira datorren asteartetik aurrera Euskadiko Zortzi eta Erdiko Pala Txapelketa jokatuko duten zortzi pilotariak. Atzo egin zen aurkezpen ofiziala Asfedebik Bilbon duen egoitzan, baita kanporaketen zozketa ere. Gainera, lehiaketa horretaz gain, bigarren mailako palistentzat binakako beste txapelketa bat ere antolatu dute.

Pablo Fusto argentinarra eta Wladimir Lujan kubatarra, iazko bi finalistak, izango dira aurtengo serie-buruak, eta kanporaketak eskailera moduan jokatuko dira. Zozketa bidez erabaki zenez, A multzoan Urkijo, Ziskar II.a eta Gaubeka sartuko dira eta Fusto izango da serie-burua; B Multzoan, berriz, Velilla, Galan eta Imanol arituko dira finalerdietan Lujanen aurka nork jokatuko duen erabakitzeko. Beraz, lehenengo adarrean, aurrelariak arituko dira lehian, eta bigarrenean atzelarien norgehiagoka ikusteko aukera izango da.

Lehiaketa datorren asteartean hasiko da, apirilaren 29an. Lehenengo bi kanporaketak Ziskar II.a/Urkijo eta Galan/Velilla izango dira. Kanporaketa guztiak partida bakarrera jokatuko dituzte Bilboko Deportivo pilotalekuan eta final nagusia maiatzaren 31n iritsiko da, ETBk zuzenean eskainita.

Baina, Zortzi eta Erdiko Txapelketarekin batera, Asfedebiko teknikariek bigarren mailako zortzi pilotarik jokatuko duten binakako txapelketa bat ere aurkeztu zuten. Sebas-Eslava, Zulaika-Ibargarai, Zarraga-Lejarzegi eta Garcia-Larrinaga dira parte hartuko duten lau bikoteak eta partida bakarreko ligaxka erara jokatuko dute, denak denen aurka. Aurkezpenean azaldu zutenez, helburua pilotari «gazteei txapelketetan parte hartzeko aukera ematea da, horrelako partidetara ohitzen joan daitezen». Gazteei laguntzeko, gainera, Larrinaga eta Zarraga ere sartu dituzte, eskarmentua duten pilotariak biak.

BI MULTZO

Kanporaketa bakarrera eskailera moduan jokatuko dute. Fusto da aurrelariz osatutako A multzoko serie-burua eta Lujan atzelariak biltzen dituen B multzokoa. Lehen kanporaketak Ziskar II.a/Urkijo eta Galan/Velilla dira.

GAZTEEN BINAKAKOA

Zortzi eta Erdikoarekin batera, bigarren mailako binakako txapelketa bat ere antolatu dute. Sebas-Eslava, Zulaika-Ibargarai, Zarraga-Lejarzegi eta Garcia-Larrinaga izango dira ligaxka modura neurtuko diren lau bikoteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo