Eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatu dute Getxoko hainbat taldek
GARA |
Getxoko Udalbatza hainbat gai eztabaidatzeko bilduko da bihar. Horietako bat Alderdi Popularrak «2-3 urteko haurrentzako irakaskuntza-eredua» izenarekin gaztelaniaz aurkeztutako mozioa izango da. Getxoko Euskal Herrian Euskaraz-ek jakinarazi duenez, mozio horren bidez hiru gauza nahi ditu PPk: Lakuako Gobernuak onartutako curriculumaren aurka azaltzea; udalerriko hezkuntza zentro guztie- tan A, B eta D ereduak eskaintzea; eta Alkarbidek eta Bizkaiko 45 toki erakundek egindako B eta D ereduen aldeko informazio kanpaina arbuiatzea. Gainera, Gasteizen osatutako eta A ereduaren alde agertu den Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimenak udalbatzarraren galde-eskeen txandan parte hartzeko asmoa agertu du.
Gertaera horien aurrean, Bizarra Lepoan Euskara Elkartearen ekimenez euskalgintzako talde eta pertsona ugarik testu bat osatu du eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzeko. EHEk bat egin du idazki horrekin eta adierazi du ez datozela bat Udalbatzak EAEko curriculumaren aurka har dezakeen erabakiarekin; izan ere, lehen aldiz euskarak hizkuntza nagusia izan behar duela finkatzen du Euskal Herriko txoko batean curriculum horrek.
Halere, ez dute horren defentsa egingo, beren ustez, baliabiderik ez baitu ezartzen, oraingoz hezkuntza ereduak bere horretan mantentzen dituelako eta Euskal Herria «desitxuratuta» agertzen delako.
EHEren arabera, milaka dira Getxon urtero sortzen diren «euskararen analfabetoak», eta Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Ekimena da umeei hizkuntza honen jabetza ukatu nahi dietenen izena. «Stop!» esaten diete euskararen erasotzaileei eta iruzurgileei.