Rallyesprint ikusgarria izango da larunbatean Alegian Irurako Kilometroak jaiaren alde
Maider IANTZI |
Ideia Garagardo Azokan sortu zela aipatu zuen Kilometroak jaiaren antolatzaileetako batek, Iñigo Iñurritak. Orduan otu zitzaien Ñañarri Rallyesprinta egitea ikastolen alde dirua biltzeko. Hondarribiko Sardara motor elkartearekin elkarlanean prestatu dute ekimena larunbaterako.
Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, Euskadiko Rallyesprinten egutegian puntuagarria izango da, baita Traseras Kopan ere. Goi mailako izenak ageri dira parte-hartzaileen zerrendan; Euskal Herriko piloturik onenak. Auto lasterketa hauek hurbiletik segitzen dituzten zaleentzat primizia bat ere izango da: Joseba Zapirainek auto berria, Peugeot 206 WRC, estreinatuko du. Santi Artetxe-Sandra Fernandez, Xabi Lujua-Txiki Burgos, Gorka eta Aitzol Apalantza Errezilgo anaiak eta Tony Evangelista ere lehiaketan izango dira beren abilezia erakusten. WRC indartsuaz gain, beste piloto anitzek parte hartzea espero dute. Dagoeneko 45 lagunek eman dute izena, eta guztira 55-60 izango direla aurreikusten dute.
Ibilbide polita eta azkarra
Sardara motor elkarteko eledunak, Imanol Narbartek, zehaztu zuenez, lehenbiziko Ñañarri Rallyesprinta Alegiatik Orendainera joateko bidegurutzetik abiatuko da. Orendainetik eta Abaltzisketatik pasatu eta Larrunarri edo Ñañarri eskuinean utzita, Amezketara jaitsiko da. Orotara, 10,3 kilometro egingo dituzte gidariek.
Errepidea 14.00etan itxiko da eta 15.30ean hasiko da lehia. Prestatutako ibilbidea polita, azkarra eta nahiko orekatua dela esan zuten.