GARA > Idatzia > Kultura

Poe-ren azken bidaia

Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea

Y yo dije: ‘¿Qué lees dulce hermana, en la puerta de esa legendaria tumba?’. Y ella dijo: ‘Ulalume, Ulalume. ¡Es la tumba de tu perdida Ulalume!’».

Edgar Allan Poe poeta estatubatuarrak bere emazte hil berriari zuzendutako poema eder honetatik abiatu zen Alfonso Sastre “¿Dónde estás, Ulalume, dónde estás?” antzezlana idazteko. Eta Juan Carlos Perez de la Fuente zuzendariaren eskutik, lan bikaina ikusteko aukera izan genuen duela aste pare bat Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Edgar Allan Poe poeta madarikatu, jenio eta alkoholzalearen azken egunak sentikortasunez eta adimenez betetako antzezlan batean eskaini dizkigute. Iraganeko maitasun bat berreskuratu eta ezkontza hitzartu ostean, Baltimore-rako itsasontzi bidaia batekin hasten da poetaren amaiera. Itxaropenaren argi izpiak bustiko du behe-laino eta zirimiriak jantzitako portua. Baina itxaropena berehala desagertuko da poeta hirian galtzen denean, ez baita hirian bakarrik galduko, baita bere barruan ere. Alkoholaren itzala bazter guztietan ikusiko du, saiak hildako abereen gorpuak zelatatzen dituen bezala, eta bere atzaparretan erori eta bertan harrapatuta geratuko da betiko. Tren geltokitik geroz eta urrunago egongo den neurrian, bere asmo on eta itxaropenetik ere geroz eta urrunago egongo da, sugez  eta beldarrez betetako “delirium tremens” ekaitzaren bihotz-bihotzeraino sartuko den arte. «… Gaixorik nago eta beldar arraro batzuk atzetik segika ari zaizkit. Irudipenezko lorategi batean sugeari burua moztea lortu badut ere, euren odolarekin gainezka egiten didaten beldar mundu bati bide eman diot …».

Sastrek poetaren arima bere testuan tankeratzea lortu zuen eta Juan Carlos Perez de la Fuente zuzendariak, eskulangile eskuz lotu ditu elementu guztiak. Gizon baten bakardadeaz, inkomunikazioaz, heriotzaz, eta bizi-minaz hitz egin badigute ere, kantu alai bat entzuten ariko bagina bezala sentiarazi gaituzte euren umore azkar, kritiko, jakitun eta gizatasunez betetakoarekin. Eta hiru antzezleen kalitateko lanarekin, eszenografiaren xumetasunarekin eta, musika eta soinuen erabilpen onarekin, musika partitura eder bat osatzea lortu dute, primerako antzezlan biribil bat sortuz. Poeren azken hitzak oroitzapenean betiko geratu zaizkigu bertan egon ginenoi: «Que Dios se apiade de mi alma».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo