Josu Gotzon Landeta Egurrola Getxo
Gure ama hizkuntza
UNESCOren arabera, pertsona guztiek dute ikasketak ama hizkuntzan egiteko eskubidea. Horri eutsiz adierazten du bere ezinegona Plataforma por la Libertad de Elección Lingüística delako elkarteak. Ezinegona eta sumindura omen dute, ikasketak euskaraz egitean, antza, euren ama hizkuntzari, gaztelerari, muzin egiten zaiolako.
Idazki honetan ama hizkuntzaz hitz egin gura nuke. Izan ere, orain dela milaka urtetatik euskaldunok euskara izan dugu ama hizkuntza, eta milaka urtetan euskara erabili dugu geure harremanetarako, jolasetarako, emozioak adierazteko... Bitartean geure herria hain leku estrategikoan kokatuta egonik, urteotan hainbat herri eta tribu pasatu eta pausatu dira, eta bakoitzak bere eragina izan du gugan, batzuetan aberasgarria, besteetan kaltegarria. Kaltegarria, bai, ezen kanpotik etorritako hainbatek gure kulturaren asimilazio prozesuari ekin baitio era bortitz eta narrasean. Eta horiek ez dira «aspaldiko kontuak», oraindik ere gure kultura eta hizkuntza zapaltzeko metodo horiek gogoan baititugu: euskaraz hitz egiten debekatzea, eskoletan euskararen erabilera zigortzea, euskaraz baino ez zekiten horiek artaburu atzeratutzat hartzea... Era horretan, espainiar eta frantziar Estatuek Europan ezagutu den etnozidiorik handiena jarri zuten martxan, eta XX. mendean gure herriaren kolonizazio prozesua erabat gauzatzeko asmotan ibili ziren.
Halere, XXI. mendean euskarak bizirik dirau, eta gure jendarteak euskalduntze prozesuari gogor ekiten dio. Baina ekin nahia ez dugu doakoa, ezen lehengo zapaltzaileen kumeak euskalduntze prozesua galgatu guran baitabiltza egun batean bai eta bestean ere bai. Orain erasotzaileek Plataforma por la Libertad de Elección Lingüística dute izen, eta EAEko curriculum berria eta udaletako matrikulazio kanpainak atzera bota guran dabiltza, udal askotan duten ustezko gehiengoan babesturik. (Gogoan izan ezker abertzalea ilegalizaturik dagoela).
Eta hori guztia ikasleen ama hizkuntza defendatzeko. Noren ama hizkuntza, ordea? Euskaldunona? Kolonizatzaileena? Eta gaztelania eta frantsesa gaur egun askoren ama hizkuntza bihurtu badira, zer dela eta gertatu da hori? Hizkuntza aukeratzeko askatasunaren eraginez? Gure gurasoek hizkuntza aukeratzeko askatasunik izan ote zuten? Guztiarekin ere, Getxoko Udalbatzak, gezurrezko gehiengo batean babesturik, matrikulazio kanpaina atzera botatzeko helegitea aurkeztuko du udal batzarrean apirilaren 25ean; horrela aipatutako erakunde erasotzaile horrek, urte askotako euskararen zapalkuntza prozesuari, oraindik Europan gertatzen ari den etnozidio handienetako bati, baietza emango diote. Halaber euskaldunon hizkuntza zabaltzeko eskubideari ezetza emango diote, eta era berean, ezetza eman ere gure herriaren kultur aberastasunari, euren seme-alabek bertoko hizkuntza eta kultura ezagutzeari...
Ama hizkuntza errespetatu behar dugu, bai; nork bere ama hizkuntza izango du etxean eta inguru hurbilean, eta denak dira errespetagarriak. Baina euskaldunok izatez ama hizkuntza bat dugu, gure herrian berezkoa den bakarra, eta urteetako zapalkuntzaren eraginez zokoratua. Hizkuntza hori euskara da. Egia da beste hizkuntzetan hitz egiteko aukerari ez dioguna galgarik jarri behar, baina gure asmoa aurrera eramateko ahaleginean min emango bagenu ere, sekula ez genuke sortuko euskaldunoi gure kultura zapalduz egin diguten -eta orain Getxoko Udalbatza egin guran dabilen- tamainako mina, nahita eginda ere ez.