Aizkora
Urrezko lehiaketako ligaxka abiatzera doa
J.L. | DONOSTIA
Urrezko Aizkoran asteburu garrantzitsua izango da. Alde batetik, final-laurdenetako ligaxka osatzeko falta diren bi aizkolarien izenak zein diren jakingo da; bestetik, ligaxka bera ere abian jarriko da.
Bihar, Leitzan, 19.30ean abiatuta, Arria V.a eta Rekondo neurtuko dira, ligaxka horretan izateko txartelaren bila. Errezildarra izango da garaipena lortzeko faboritoa. Garaipena erdiesten duenak, B multzoan aritu beharko du Olasagastirekin eta Larretxearekin batera. Jaialdi berean, 23 urtetik beherakoen lehiaketa ere abiatuko da, ete lehen neurketan Gorriti eta Vázquez neurtuko dira. Halaber, 18 urtetik beherakoen final-laurdena jokatuko dute Olanok, Saralegik eta Rodríguez II.ak, eta irabazleak soilik lortuko du finalerdietarako txartela, gainerakoak sailkatuta baitaude jadanik.
Astelehenean, berriz, Lazkaon, 19.00etan hasita, Vicente eta Lopez neurtuko dira ligaxkan sartzeko asmoarekin. Garaipena erdiesten duena, A multzoan izango da Nazabalekin eta Arrospiderekin batera. Jaialdi berean, 23 urtetik beherakoen neurketa jokatuko dute Jauregik eta Vázquezek.
Astelehenean bertan, Gasteizen, Armentiako zelaietan, ligaxka jarriko da abian, B multzoko lehen neurketarekin. Olasagasti eta Larretxea izango dira nor baino nor (12.30). Astelehenean, San Prudentzio eguna da, festa eguna Gasteizen eta Lazkaon, eta hori ospatzeko antolatu dira aipaturiko jaialdiak.