GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Gorostidi harria

Ostolatza eta Irigoien nor baino nor arituko dira Adunan

Errezildarrak eta zestoarrak 208 kiloko zilindro zaharra izango dute aurrez aurre, eta bost minututako txanda bakar bat izango dute, berriz, lanerako

p050__f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Joseba Ostolatza eta Aimar Irigoien lehiatuko dira etzi 18.00etatik aurrera Adunako pilotalekuan jokatuko den Txapelketan. Bost minutuko txandan, 208 kiloko zilindro zaharra erabiliko dute. Harri honi Gorostidi harria jarri diote izena, Iñaki Gorostidik ezarri baitzuen marka 1982an, Tolosan. Kirolari bakoitzak bost minutuko txanda bakarra izango du lanerako.

Kirolari gutxik eman dute izean lehiaketa honetarako -bi oso gutxi baitira-, baina horrek agerian uzten du harri honek duen zailtasuna. Hiru aldiz altxatu zuen Gorostidik marka egin zuenean, eta 77 kilo pisatzen zituen. Etzi lehian izango diren biak, ordea, 100 kilotik gorako harri-jasotzaileak dira.

Gorostidik, honekin, lehengo harri-jasotzaileek eta oraingoek egiten dituzten markak apur bat alderatu nahi ditu. Etzirako, gainera, 100 kilo baino gutxiago pisatzen duen edonork harri hau bizkarreratzea lortuko balu, 500 kiloko sari bat eskuratuko luke. Ez dirudi, ordea, inor agertuko denik hori egitera, nahiz eta azken unera arte izena emateko epea zabalik izango den. Harri hau ikusi nahi duenak, gainera, Adunan bertan dauka ikusgai, herriko tabernan, baina etzi lehian arituko direnetarik inork ez du izan probatzerik.

Txapelketa hau iaz abiatu zen. Orduan, Gorostidik beste marka bat egiteko erabili zuen harri bat izan zuten lanerako, 185eko zilindro zaharra, egun berean jaso baitzuen hura ere, baina esku batekin. «Hau ongi egiteko, nik egin nuen moduan egin beharko litzateke: bost minutuko txanda bakar batean 185 kiloko zilindro zaharra jaso esku batekin, eta gero beste bosteko txandan, 208 kilokoa birekin; baina ikusi genuen horrela eginda zaila izango zela jendeak parte hartzea, eta bi urtetan banatu dugu. Hala, 185eko zilindro zaharra bi aldiz jaso nuen nik esku batekin, baina iaz egindako txapelketan bi eskurekin aritu ziren», esan zuen Adunakoak.

Mendizabal

Etzi Adunan izango diren kirolzaleek, ordea, ez dute harri-jasotzea bakarrik ikusiko, Joxemari Mendizabal aizkolaria ere bertan izango baita. Bera Adunakoa da, nahiz eta egun han ez den bizi, eta herritarren aurrean marka handi bat egin nahi du.

61 urteko kirolari honek kanako enborra zutik moztu nahi du, horrela marka pertsonal bat eginez. Mendizabal aizkolaririk onenetakoa izan zen garai batean, Arria anaiekin edo Mindegiarekin batera, baina bolada batez aizkora utzi samartuta izan ostean, berriro ere marka egin nahi du.

Muskil elkarteak antolatzen duen jaialdi honetan, txinga lehiaketa ere antolatu dute, 75 kiloko txingekin, eta edonork har dezake parte. Sarrera, berriz, doakoa izango da.

sari berezia

Gorostidik harri honekin marka egin zuenean, 77 kilo besterik ez zituen pisatzen, eta horregatik, 100 kilo baino gutxiagoko harri-jasotzaileren batek parte hartu, eta jasoko balu, sari berezia izango luke.

Kanakoa

Joxemari Mendizabalek ere marka ezarri nahi du, eta horretarako kanako enborra zutik erdibitu nahi du. Saiatuko da erakusten, 61 urte beteak izan arren, enbor handiekin zuen trebezia ez duela galdu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo