GARA > Idatzia > Zinema

Puntako konpainiak ekarri ditu Bilbora Animabasque azokak

Baleukok, Silverspacek eta Karbo Vantasek animazioaren alorrean martxan dituzten proiektuak eman zituzten ezagutzera Animabasque-Business I. Azokan. Magma Films, BBC Children, Futurikon eta Belokan Productions etxe garrantzitsuak izan ziren bilkuran.

p063_f01_097x164.jpg

Izaskun LABEAGA | BILBO

Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak (EIKEN) eta Barton Flilmsek antolatuta, Animabasque-Business Nazioarteko I. Azoka egin zuten atzo Euskalduna Jauregian. Urtean behin egingo da foroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan sortzen diren animazioko edukientzat merkatu berriak aurkitzeko asmoarekin.

Ildo horretatik, harreman komertzialak ahalbidetzea izan zen lehenengo jardunaldiaren xede nagusia. «Animazioa oso garestia da», nabarmendu zuen Itziar Mena EIKENeko zuzendariak, horregatik da hain garrantzitsua enpresa hauentzat finantziaziorako iturri berriak aurkitzea. «Bezero potentzialak ekarri ditugu» Hego Korea, Britainia Handia, Irlanda, Kuba, Argentina eta espainiar zein frantses Estatuetatik.

Karbo Vantas Entertainment bizkaitarrak ``Ivan de Aldenuri, el bosque de los thaurroks'' proiektua plazaratu zuen Euskaldunan. Natxo Vigalondoren azken lanak ekoitzi dituen ekoiztetxeak animazioaren arloan egin duen lehen saiakera da.

Arlo horretan eskarmentua duen Baleukok, berriz, ``Black to the moon''i buruzko nondik norakoak aurreratu zituen. Gidoitik hasita, produktu osoaren sortzaile izango da enpresa hau.

Silverspace gasteiztarrak ``Perpetuum mobile'' film laburrean oinarritutako lan luzeari buruzko xehetasunak eman zituen. Abiapuntu sendoa, izan ere, lan labur hori 2008ko Goya sarietarako izendatu zuten

Horiekin guztiekin batera, Kanariak, Galizia, Andaluzia eta Madrildik etorritako hainbat enpresak beren telesaio eta areto handietarako ideiak aurkeztu zituzten atzo goizeko erakustaldian. Bai hauek, baita aurrekoek ere, 5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute, batez beste.

Horregatik, nazioarte mailan ospea duten produkzio eta banaketa etxeetako ordezkariak gonbidatu dituzte Animabasque-Business Nazioarteko I. Azokara. Magma Films irlandarra da Bilbora hurbildu diren horietako bat. Erreferentea da egiten dituen programa kontzeptualak direla-eta, zeharo berritzailea da. BBC Childreneko ordezkariak ere izan dira azokan; telebista kate bi ditu 0-12 urte bitarteko umeei zuzenduta.

Hego Koreako profesionalekin harremanetan jartzeko modua izan dute bertoko enpresek, izan ere, «herrialde garrantzitsuenetakoa da animazioaren munduan», gogora ekarri zuen Itziar Menak. Frantses Estatutik beste talde batek hartu zuen parte, ikus-entzunezkoen munduan badute-eta zer irakatsi. Era berean, interesgarria iruditu zaie EIKENeko ordezkariei Txekiar Errepublika Europar Batasunera sartu izana, «hango enpresariekin negozioak egiteko» bidea zabal baitezake.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo