GARA > Idatzia > Editoriala

Arrasatek euskal herriak irudikatu ditu

Atzo, Arrasaten, etikarekin zerikusi gutxi eta botere nahiarekin, ordea, harreman zuzena duen dinamika baten azken-aurreko ekitaldia izan zen. Presio handia jasan arren, bertako zinegotzien gehiengoak gutxiengoaren beto eskubideari ezetz esan zion eta, horiek horrela, herritarren nahi demokratikoa hobetsi zuen. Ondorioz, Arrasaten PSOE, EAJ, EA eta PPk osatzen duten gutxiengoak ez zuen lortu hauteskundeetan boz gehien jaso zituen EAE-ANVren alkatetza Alderdi Sozialistaren esku uztea. Atarrabian, ordea, EAE-ANV baztertzearen alde aurkeztutako mozioak aurrera egin zuen, Batzarreko zinegotziak Nafarroa Bai-ren erabakia hautsi zuelako.

Testuinguru honetan, Madrilen, atzo bertan euskal politikari batek «hor dirauen errealitate egoskorraren aurrean» ihesik ez egiteko eta errealitatea ez itxuraldatzeko aholkatu zion Rodríguez Zapaterori. Paradoxikoa bada ere, Iñigo Urkullu izan zen mezu hori Madrilera eraman zuena. Azkenaldian Euskal Herrian bizi dugun errealitatearen ukazioan abangoardia bihurtu den EAJko buruzagiak ez bide ditu besteei emandako aholkuak bere egiten. Urkulluk, hain zuzen ere, bere eskumenak erabili zituen gipuzkoar jelkideek hartutako erabakia atzera botatzeko. Areago, PSOEk Arrasatera mugatzen zuen neurria beste udalerrietara zabaltzeko proposamena egin zuen. Atzo, espainiar gizartea eta klase politikoa lasaitzen zuen bitartean, berak defendatutako posizioa barregarri geratu zen Arrasaten. Lehenik eta behin, bere herria hain gutxi ezagutzen duen norbaiten aholkuen balioa neurtu beharko luke Zapaterok.

Azken asteotan Arrasateri buruz komunikabideek eta politikariek zabaldu duten irudiak ez du zuzen islatzen herri horren eta bertako herritarren errealitatea. Baina oraingoan errealitatea gezurrari gailendu zaio, hein batean bederen. Argi dago Arrasate ez dela Euskal Herria, Euskal Herri osoa ez dela Arrasate bezalakoa, alegia. Baina Arrasate Euskal Herrian dago edo, nahiago bada, Euskal Herrian dirauen «errealitate egoskorraren» parte da. Eta Atarrabia, eta Hernani, eta...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo