GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Irudimena eta etika

Espainia aldean uste bide dute euskaldunek irudimen handia dutela. Tira, ETAko kideek, ETAtik kirol edo auzo elkarteetara zabaltzen diren erakunde, elkarte edo lagunarteetako kide, lagun edo senitartekoek, alegia, irudimen handia dutela. Eta irudimenaz baliatzen dira Estatuaren instituzioak gaizki uzteko. Gogoratu besterik ez dago Igor Porturen tortura salaketak. Irudimen handia behar da halako basakeriak asmatzeko. Hala ere, ondo pentsatuta, ez da horrenbesterainokoa, salaketa ez zen originalegia izan, zenbait egun geroago Mattin Sarasolak gauza berbera deklaratu baitzuen, ñabarduretan ere, «con pelos y señales», Portuk esandakoak -eta, meritu gutxiago, lekuko batek esandakoak- errepikatuta.

Irudimen horren azken erakusgarria asteon Oarsoaldean atxilotutako gazteen salaketak izan dira. Atzo libre utzi zituztenetako batek epaileari bere irudimenaren produktua agertu izana ulergaitz samarra da; ez justiziarentzat, ordea, hark badaki-eta ondo asko tratu txarren salaketa egin izana erruduntasun froga dela.

Herenegun epailearen aurrean deklaratu zuten gazteetako birena, berriz, hori bai irudimen handia. Neska-laguna gela batean eta mutil-laguna bestean, bigarrenari kristal batean zehar poliziek neska nola biluzten zuten ikusarazi omen zioten. Ohiko kolpeak, mehatxuak... nahikoa ez, eta horrelakoak asmatu behar. Irudimena behar da gero.

Irudikatzen hasita, imajina dezagun emakume atxilotu bati sexu-erasoa egin dion poliziak hurrengo egunean beste emakume baten kontrako indarkeria kasu baten ikerketaren ardura eman diotela. Surrealista?

Herri honetan, eta herri honetatik kanpo ere bai, nahi duenak, edonork, gehienok, badakigu ez dela irudimen kontua. Badakite eta badakigu horiek eta ikaragarriagoak gertatzen direla polizia-etxeetan, eta ez direla salbuespenak.

Bitartean, batzuek etikaren izenean zenbait alkatetza ostu nahi dituzte. Eurak beren instituzioetan, Estatuaren Gobernutik hasita, tortura -emakumeen kontrako indarkeria haren osagai nagusietakoa dela- saihestu gabe (saihestu, ez gaitzetsi, kasu). Zergatik Estatuaren instituzioek ez dituzte beren gain hartzen beren ekintza guztiak? Zergatik ez diote aurre egiten horiei dagokien zigorrari? Etika...?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo