GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri Urratsek mende laurdena beteko duen honetan, «bidearen erdia» egintzat eman du Seaskak

p020_eh.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Urtero moduan maiatzaren bigarren igandearekin bat, Herri Urrats ospatuko da. Aurtengoak, ordea, badu berezitasunik. Izan ere hogeitabost urte beteko ditu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen jaiak eta Aitor Sarasuak asmatutako le- loak -«Mende laurdena bide erdia»- ondo baino hobeto islatzen du garai hartan guraso talde batek antolatutako besta Seaska eta ikastolen «iraupenerako guztiz beharrezkoa» dela.

Horixe adierazi zuten, atzo Baionan, antolatzaileek maiatzaren 11an, ohi moduan Senperen, egingo den jaiaren egitaraua aurkezterakoan. Paxkal Indo ikastolen federazioaren lehendariak gaineratu zuen, aurten Herri Urratsek mende laurdena beteko duela eta datorren urtean, berriz, Seaskak berak berrogei egingo dituela.

Urte horietan guztietan izan guraso, ikasle, irakasle, laguntzaile edota elkarte, erakunde publiko zein gizarte mugimendukoa, denek egindako «lan eskerga» goraipatu zuen Indok: «Eskerrak eman nahi diegu guztiei. Izan ere, gaur egun hemen bagaude eta egindako bidea egin bada, urte haietan `ero' batzuk bere ametsa aurrera eraman zutelako da. Horregatik nahi dugu ospatu, bereziki festa giroan, urteurrena».

Egitarau aberatsa

Kari horietara egitarau trinkoa prestatu dute aurten ere. Dantzak «leku esanguratsua» izango du, Serge Zudairek nabarmendu zuenez: «Ahalegin be- rezia egin dugu aurten. Uztaritzeko ihauteri taldea izango da; Zuraideko Alaiki taldeak gaurkotutako dantzak eskainiko ditu; Biarritzeko Gazte Balleta ikus ahal izango da; azken urteetan arrakasta handia izan duen Afrikako perkutsio eta dantzak ere hor izango dira».

Musika eta kanta ere oso presente izango dira egunean zehar. Emanaldia eskainiko duten taldeen artean, Betagarri, Deabruak Teilatuetan, MAK, Celtas Cortos, Sister Simone and the holy balls eta The Uski's daude.

Maialen Errotabehere abeslaria goizetik (10.00k) ekingo dio kantari Nafarroa gunean eta Peio Serbiellek, berriz, eguerdia pasatxo Lapurdi gunean.

Haurrek, nola ez, berezko txokoa izanen dute, Txan Magoa, Kiki, Koko ta Moko pailazoak, Errobiko ikastolako ikasleen kantuak eta Oiartzungo Haurrock taldekoarenak segitzeko. Horrez gain, jokoak, puzgarriak, tailerrak izango dira, ohi moduan.

Azpiegiturei dagokionean, haurrentzako gunean hainbat hobekuntza izango dira, hala nola, itzal-gunea handitzeko karpa eta haur txikiak aldatzeko edota biberoia emateko txoko berezitua.

Adin gehiago dutenekin ere gogoratu dira antolatzaileak eta zikiroa erretzen den inguruan (Lapurdi gunea) karpa handiagoa moldatu dute itzal gehiago izateko eta lasaitasunez pausa hartzeko.

25 urteko abestiak

Aurtengo ediziorako ez da kanta berezirik egin. Horren ordez, 25. urteurrenaren haritik, edizio bakoitzeko abestien bilduma argitaratu dute CD batean. Hitz guztiak jasotzen dituen liburuxkarekin batera salgai jarriko da Elkar dendetan 5 euroren truke.

Logoari dagokionean, Iñaki Martinez azpeitiarrarena (lehiaketaren irabazlea) ikusiko da kartel, arropa, edalontzi eta bazter guztietan. Barraskiloaren marrazkiak «urte hauetan egindako ibilbidea ongi islatzen» du antolatzaileen esanetan: «Poliki baina segurki bihurgunez beteriko bidean doala, logo horrek ongi adierazten du gu ere bide onean girela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo