GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzipetuentzat babesik handiena Udalbiltza indartzea dela esan dute

Etzi beteko dira bost urte Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa hasi zenetik, eta kasuan auzipetutako 22 lagunak epaiketaren atarian daude. Atzo hautetsi, hautetsi ohi eta hainbat talde eragiletako dozenaka lagun alboan zituztela agertu ziren, eta Udalbiltza berrindartzeko apustu sendoa egin zuten, hori baita, beraien ustez, «auzipetuei babesa eman, eta ilegalizazio arriskuaren aurrean nazio-instituzioa defendatzeko bide eraginkor bakarra».

p016_f03.jpg

Maider EIZMENDI |

Ekimen jendetsua egin zuten atzo Oiartzunen, Udalbiltzaren aurkako polizia operazioaren bosgarren urteurrenaren harira -etzi beteko dira bost urte-. Abenduan iragarri zuten dinamikak eman ditu fruituak eta auzipetutako lagunekin batera, hautetsiak, hautetsi ohiak eta hainbat talde eragiletako ordezkariak bildu ziren. Julio Ibarrak aurkeztu zuen ekitaldian, lehendabizi, Markel Arizmendik hartu zuen hitza, eta Udalbiltzaren aurkako operazioren helburua «nazio eraikuntzan zein udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea» dela narmendu zuen.

Harremanetako arduradunak gogora ekarri zuen 1999ko irailean, Udalbiltza nazio erakundea sortu zenean, helburu eta printzipio sendoak hartu zituela -Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzea, beronen egituraketa politikoa eraikitzea, nazio eraikuntza bultzatzea eta udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea- eta horiek gauzatzeko bidean makina bat ekimen eraman dituela aurrera, besteak beste, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren sorrerari emandako bultzada, Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren (EHNA) agiria edota Euskal Herriaren Eskubideen karta.

«Baina Udalbiltzak bere jardunean erakutsi duen bide oparoa zapuztuta geratu zen 2003ko apirilaren 29an Madrilgo Auzitegi Nazionalak polizia nazionalekin burutu zuen erasoagatik», salatu zuen. Horrekin batera, gogorarazi zuenez: «Zuberoan garapen egitasmoak bultzatzeko herritarrengandik bildutako 400.000 euroak lapurtu, Udalbiltza eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoari `suspentsioa' ezarri eta 13 pertsona atxilotu eta espetxeratu zituzten», besteak beste.

Konpromiso zehatzak

«Amets gaizto honetan harrapatuta dauden 22 hautetsi ohiei eta langileei» elkartasuna eta berotasuna adierazi nahi izan zien. Baina epaiketa honek 22 pertsona hauen zigorraz gain, «Udalbiltza eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren disoluzioa» bilatzen duela adierazi zuen: «Eraikuntza nazionalaren dinamikak, euskal instituzionalizatze dinamikak eta udalen arteko auzolan ekimenak kriminalizatzea bilatzen dute Euskal Herrian gertatzen ari den aldaketa politikoa zapuzteko». Horregatik, haren iritziz, elkartasun dinamikek eraginkor izan behar dute, «ezin daitezke hitz hutsean edo argazki hutsean geratu». Konpromiso eta esfortzu zehatzak eskatu zituen, beraz.

Baina, aldi berean, ezinbestekotzat jo zuen honakoa aldarrikatzea: «Udalbiltza herri honetako gehiengoaren babesarekin sortu eta ezaugarritu da; Udalbiltza ezinbestekoa da Euskal Herriaren nazio aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen alde aurrera egiteko; Udalbiltza udaletatik abiatzen den euskal instituzioa da; Udalbiltza euskal gizartearen eta udalen ondarea da, beste inorena ez; Udalbiltza ez da alderdi politiko batzuen tresna, herri eta udal sustraiak dituen nazio instituzio bakarra baizik; Udalbiltzak desadostasunak bere barnean jaso behar ditu, instituzioari berari errespetua zor zaion bitartean; Udalbiltza defendatzea ezinbestekoa da».

Ildo horretan, auzipetuta dauden 22 pertsonei babesa emateko eta ilegalizazio arriskuaren aurrean Udalbiltza defendatzeko bide eraginkor bakarra Udalbiltza berrindartzea dela esan zuen. Horregatik, «alderdi ezberdinetako abertzale eta udal hautetsiei» dei egin zien Udalbiltzaren konpromisoak berretsi, eta hauek erakusten duten bidean Euskal Herriaren ardatz instituzionala gauzatzen joan daitezen.

Ondoren, auzipetuen izenean hartu zuen hitza Maribi Ugarteburuk. «Nekez eta kostata egiten dira bideak, eraikitzen dira ametsak; egun batetik bestera zapuztu ahal dira, ordea», esanez hasi zen Amorotoko alkate ohia. Auzipetuen delitu bakarra «Udalbiltzan lan egitea» izan dela, «lan instituzionala» egitea, adierazi zuen, eta hauxe gaineratu: «Zelofanez estali zituzten ateak, eta zelofanez itxi nahi izan zuten herri instituzioaren ahotsa». Gogora ekarri zuen horrekin guztiarekin batera hasi zela «hauteskundeetan parte hartzeko eskubide demokratikoaren urraketa sistematikoa».

Bost urte pasata, «gauzak hobeto daudenik ezin dela esan» aitortu zuen, baina «sekula ere ez dira alferrik izaten egindako bideak». Horregatik, «Estatuaren aurrean Euskal Herriaren herri eskubideak errespetarazi arte horretan saiatu beharra» dagoela gaineratu zuen, «horretarako behar den besteko denbora hartuz eta behar den besteko talentua metatuz».

«Lan politiko eta instituzionala egiteagatik `bankilorako' eta kartzelarako bidean egoteak», gauza bakarra adierazten duela argitu zuen: «Berriro ere, udal hautetsiek, herritarren ordezkari izatearen kondizio demokratiko horretatik abiatuta, agente aktiboak izan behar dutela Euskal Herriari nazio gisa eta euskal herritar guztiei dagozkien eskubide zibil eta politikoak bermatzeko bidean». Horretarako, Udalbiltza, bai lehen eta bai orain, «tresna baliagarria» dela adierazi zuen.

«Legitimoa eta beharrezkoa da»

«Udalbiltza nazio bat garela esateko jaio zen -jarraitu zuen-, hemen zein kanpoan ozen erakusteko eskubidedun subjektu garela, komunitate historiko eta kulturala garenetik; eta komunitate politiko bat osatzeko eskubidea ere badaukagula esateko, bagarela nor aldarrikatzeko; eta aldarrikapen horretan subjektu politikoa instituzionalki eraikitzen joateko. Horretarako jaio zen eta horretarako dago Udalbiltza». Eta aipatutako guztia, «ezin da zigorgarria izan, legitimoa eta beharrezkoa baizik».

Une honetan sekula baino beharrezkoagotzat jo zuen «oparoki erakutsi dugun bezala, modu praktikoan, modu eraginkorrean, herri eskubideetan oinarrituta euskaldunak batzen gaituen lurraldetasuna eta gure etorkizuneko instituzioak nolakoak izango diren erabakitzeko eskubidea urratsez urrats sendotzen joan gaitezen. Etorkizun aske eta justua eraki dezagun elkartasunetik eta duintasunetik, euskal herritar guzti-guztiontzat».

Udalbiltzari elkartasuna adierazi dieten eragileen izenean mintzatu zen, Bai Euskal Herriari ekimeneko Mikel Luluaga. «Euskal Herritarrok belaunaldiz belaunaldi auzolanean bat egin dugu herri honen geroa eraki nahian, hizkuntza identidadea, kultura, ekonomia... Hamaika lan eta hainbat proiektu, milaka herritar auzolanean», adierazi zuen. Urte luzez lan hori umezurtz egin izan zutela aitortu, eta Euskal Herriko hautetsiek nazio instituzio bat sortzeko emaniko pausoak naziogintzan ari zirenen beharrei erantzun ziela gogora ekarri zuen. Hein horretan, Udalbiltzaren kontrako erasoak, «asmo zitala» zuela esan zuen: herri eragileon lana umezurtz eta babesik gabe uztea, Euskal Herria desegituratzea». Baina herri eragileek lanean jarraitzeko duten asmoa berretsi zuen: «Euskal Herriaren geroari mamia ematen jarraituko dugu, eta nazio instituzio baten beharra aldarrikatuko dugu mamiak azala eta hezurra izan ditzan».

DATUA

Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua

Elkarretaratzeak
auzipetuak

Udalbiltzaren aurkako prozesuan 22 lagun auzipetu dituzte, eta 10 eta 23 urte bitarteko zigorra ezarri nahi diete. Lau kartzelan daude, beste auzi batzuengatik, eta atzo gogoan izan zituzten, beraien argazkiak, behintzat, erakutsiz.

Eragileak

Babesa eman dioten eragileak lanean jarraitzeko asmoa berretsi zuten: «Euskal Herriaren geroari mamia ematen jarraituko dugu, eta nazio erakunde baten beharra aldarrikatuko dugu mamiak azala eta hezurra izan ditzan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo