«Play Off»etarako sailkatzeko giltza Ricoh Manresa gaindituta lortuko da
GARA | BILBO
Nahiz eta Ricoh Manresak ACB Liga eta Kopa irabaztea zer den badakien, ez da saskibaloi ligako «erraldoietako» bat. Hala ere, Iurbentia Bilbao Basketek badu nahikoa motibazio talde kataluniarrari irabazteko.
Garaipena eskuratuz gero, Txus Vidorretaren taldeak 19. partida poltsikoratuko luke eta, horrekin batera, Play Offetan aritzeko bermea. Beraz, esan gabe doa, azken fasean muturra sartzeko giltza Ricoh Manresaren aurkako lehia irabazita lortuko dela.
Martin Ranciken baja ongi beteta duenez gero, talde bilbotarra osorik iritsiko da gaur eguerdiko neurketara. Manresakoen aldean, ordea, Grimau, Alzamora eta Asselin zalantzan daude. Guillem Rubio hegal-pibotaren bajari batuta, barneko jokoan zulo galanta egin dakioke Josep Ponsarnauk entrenatu taldeari.
Dena dela, La Casillako neurketan Ricoh Manresa «aurkari gogorra» izango dela uste du Txus Vidorretak.