Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala BECek hartuko du aurten
Euskalduna Jauregia utzi eta Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokak hartuko du aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala. Hori da 2008ko lehiaketaren berrikuntza nagusia. Bi urtean behin jokatzen den sariketa hau datorren hilabetean abiatuko da eskualdeka. Inoiz baino partaide gehiago izango dira, batez ere, Ipar Uribe eta Durangaldea ingurukoak. 62 bertsolarik eman dute izena, azken txapelketan baino zortzi gehiagok.
Karolina ALMAGIA | BILBO
Maiatzaren 17an, larunbata, Areetan (Getxon) jokatuko da lehenengo Bizkaiko Bertsolari Eskualdeetako Txapelketaren finala. Horrela abiatuko da 2008ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Urtearen amaiera bitartean kanporaketak eta finalaurrekoak jokatuko dira. Abenduaren 20an, berriz, aurtengo Bizkaiko txapeldunaren izena jakingo dugu, Barakaldon ospatuko den final nagusian.
Zihara Enbeitak, Bertsozale Elkartearen bozeramaileak, aurkeztu zituen atzo Bilbon lehiaketaren edukiak. Berarekin batera egon ziren BBK-ko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bana, instituzio hauek ekimena diruz lagundu baitute.
Bi urtetik behin jokatzen da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Aurrekoa 2006an antolatu zen eta Eskualdeetako Txapelketetan 54 parte-hartzaile izan ziren guztira. Aurtengorako, ostera, 62 bertsolarik eman dute izena. Gorakada nabarmenena Ipar Uribekoa (20 bertsolari) eta Durangaldekoa (11 lagun) izan da, baina parte-hartzea herrialde osoan nabaritu da. «Enkarterrian, esaterako, sei bertsolari izango dira finalean, eta hori garrantzitsua da», esan zuten antolatzaileek.
Azken bi txapelketen egiturari eutsiko dio aurtengoak ere. Hau da, Eskualdeetako Txapelketak izango dira udaberrian zehar, eta udazkenean, berriz, Bizkaiko Txapelketa jokatuko da. Dena dela, egiturari eutsi arren, aurtengoa «txapelketa berria» izango dela nabarmendu zuten atzo. «Belaunaldi aldaketa izango da. 18-19 urte bete berri dituzten gazteek parte hartuko dute, eta horietako asko eskolarteko txapelketetan oso maila ona erakusten ari dira». Bertso eskolak dira horren eragileak. «Hainbeste urteko lana fruitua ematen ari da», esan zuten eta Algorta, Mungia, Larrabetzu edo Erromoko bertso eskolak aipatu zituzten. Nobedade nagusia finala BECen ospatzearena da. «Bere garaian, Arriaga Antzokitik Euskalduna Jauregira pasatzea aurrerapauso handia izan zen guretzat. Orain, berriz, Euskalduna txikia geratu da, eta BEC-era pasatuko dugu final nagusia. Gure asmoa ez da Bilbao Exhibition Centre betetzea, bertsozale guztiei finala entzuteko aukera ematea baizik», argitu zuen Zihara Enbeitak.
Oreka bilatuz, zazpi eskualdetan banatu da Bizkaia: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Lea-Artibai eta Ipar-Uribe. Aurtengo eskualdeetako txapelketetan hauek izango dira epaileak: Iñaki Aurrekoetxea, Gernikan bizi den bilbotarra; Josu Telleria, bilbotarra, eta Asier Ibaibarriaga, ermuarra; Mirari Azula, lekeitiarra. Moises Enbeita muxikarra ordezkoa izango da. Udazkenean, Bizkaiko Txapelketa hasiko da. Azaroko azken bi asteburuetan eta abenduko lehenengo asteburuan finalaurrekoak jokatuko dira. Kanporaketak urriko bigarren, hirugarren eta laugarren asteburuetan eta azaroko lehenengo bi asteburuetan izango dira.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketan eskualdeetako txapeldunek, 2008ko eta aurreko edizioetako finalistek, eta, sailkapenaren arabera, beste guztiek parte hartuko dute, 30 bertsolariko zerrenda osatu arte.
Aurten ere Interneten lehiaketak presentzia izango du. Horretarako, www.eskualdeka.biz helbidean informazio osatua izango da txapelketa hasten denerako. Bestalde, Bertsozale Elkarteak urte hasieran abian ipini duen www.bertsoplaza.tv webgunean egindako hainbat saioen bideo grabazioak jarriko dituzte datorren astetik aurrera.
Belaunaldi aldaketa izango da aurten, antolatzaileen esanetan. 18-19 urte bete berri dituzten hainbat gaztek parte hartuko dute, eta horietako asko oso maila ona erakusten ari dira eskolarteko lehiaketetan.