Hamar satelite jarri ditu orbitan Indiak misio espazial arrakastatsuan
Misio garrantzitsua eta arrakastatsua lortu zuen atzo Indiak. Hamar satelite txiki jarri zituen orbitan. Hainbeste satelite egun berean botatzen diren lehen aldia da. Orain arteko marka Errusiak zuen, zortzirekin. Espazio-potentzia indartsua dela erakutsi du Indiak.
GARA |
Espazio-potentzia benetan garrantzitsua dela erakutsi zuen atzo Indiak hamar satelite orbitan ipinita. Horietatik zortzi atzerritarrak dira, Alemanian eta Kanadan egindakoak eta beste biak Indiakoak.
PSLV izeneko suziria 09.23ean bota zuten airera Satish Dhawan espaziogunetik. Sriharikota herrian kokatuta dago, Indiako hego-mendebaldean. Minutu batzuk geroago, hamar sateliteak jaurti zituzten eta arazorik gabe jarri ziren orbitan. Misioak hogei minutu iraun zituen. «Den-dena, primeran atera da», adierazi zuen G. Madhavan Naïrrek, Indiako Espazio Ikerkuntza Erakundeko (ISRO) presidenteak. «Egun historikoa da gaurkoa, Hamar satelite misio berean botatzen ditugun lehen aldia baita», nabarmendu zuen zuzenean telebistari eginiko adierazpenetan. Ingeniarien txaloak jaso zituen.
Indiako hedabideen arabera, aurreko marka Errusiak zuen. Espazio-suziri bakar batean zortzi satelite botatzea lortu zuen Errusiak.
Oraingoan, PSLV jaurtitzaileak hiru eta hamasei kilo arteko pisua zuten hamar satelite txiki jarri zituen orbitan. «Espazio egitarau aplikagarria duela frogatu du Indiak gaurkoarekin», esan zuen Ajay Lele Defentsarako Ikerketa eta Analisi Institutuko kideak. Bere hitzetan, «merkataritza ikuspuntutik, misioa izugarri esanguratsua» izan da.
Beste herrialdeekin lehian
Merkataritza xedeekin sateliteak jaurti ditzaketen herrialdeen zerrenda nahiko mugatua da. Horien artean, AEBak, Errusia, Txina, Ukraina eta Europako Espazio Agentzia daude. Indiak «klub» horren kide izan nahi du. Hala, bere jaurtiketak nazioarteko agentzienak baino merkeagoak dira.
Lehergailu atomikoa izateaz gain, garrantzi handiko espazio-egitaraua du esku artean. 1963an ipini zuen martxan, baina orain arte ez ditu suziri propioak jaurti. 2013ra bitartean, 60 misio egin nahi ditu, besteak beste, Ilargira eta Martera.