Adrian
«Zelaian eroso egonda dena errazagoa da»
J.O. | GASTEIZ
Entrenatzaileari inolako kritikarik egin nahi izan gabe, Adrianek, igandeko Mendizorrotzako heroiak, aurrerantzean Elx-en aurka erabilitako sistemari eutsi nahi liokeela adierazi zuen. Aurreko asteetan gertatu ez bezala, Adrianek nabarmendu zuen Alacantekoen aurka taldea oso ondo aritu zela lehen unetik. Jokalariak oso gustura sentitu ginen eta horrek dena errazten du. Horrek hobe egiten zaitu, lasaiago sentiarazten zaitu eta errazago egiten dira gauzak. Dena primeran atera zitzaigun».
Jende askok hasieratik bi aurrelarirekin jokatzea eskatzen zion Salmeróni; igandean hala egin zuten eta Adrian oso eroso sentitu zen Aganzoren alboan jokatzen. «Aganzo. oso aurrelari borrokalaria da, aurkarien defentsekin gogor borrokatzen da, baloia ondo babesten du eta gero pase onak ematen ditu. Denok dakigu jokalari ona dela eta hala erakutsi zuen, golik sartu ez arren», adierazi zuen.
Baina Aganzoren golik ezean, Adrianek egindako biek - futbol profesionalean igandean sartu zituen bi gol lehen aldiz partida batean- garaipen garrantzitsua eman zioten Alavesi.
Etorkizunari begira itxaropentsu dago Adrian. «Daramadan denbora apurrean ohartu naiz taldeak maila ona duela, gorago egotekoa. Igotzeko asmoa zuen Elx baino askoz gehiago izan ginen. Azkar salba gaitezkeela uste dut, ea ahalik eta azkarren lortzen dugun».