Segurolak irratian esanak bildu ditu «Nere gorringotik» liburuan
Azpeitian sortutako Iñaki Segurolak «bere egia» bota ohi du sarri uhinen bitartez, irratian, eta ez da ibili «ez azalkerian, ez xurikerian ere». Bada, mikrofonotik jaurti «sermoiak» papereratu ditu orain Alberdaniak. Kalean da jada «Nere gorringotik» izenburuko saiakera lana.
I.AULESTIARTE | DONOSTIA
«Nere gorringotik» liburuan argitaratu diren testuak irratitik esanak izan dira, gizabanako mordoxka baten belarrietara helarazitakoak. Alegia, Iñaki Segurolak uhinetan botatako «sermoiak» dira, finean, Alberdania argitaletxeak orain inprentara eraman eta argitaratu dituenak.
Libururako prestatutako aurkezpen laburrean Segurolak berak dioen bezalaxe, kontu hau guztia hasi zen «Gorka Setien eta Irantzu Jauregik, tiraka bezala, Arrosa Irrati Sarean hizketan jarri nindutenean, eta Arantxa Iturbek, bultzaka bezala, Euskadi Irratian. Halaxe jaio ziren irakurleak hemen idatzirik ikusiko dituen jardun, hitzaldi, prediku edo sutrak. Ondo tirata eta ondo bultzata jaio ziren, denak diren bezala esateko».
Horiek hala, «Nere gorringotik» izenburupean bildutako 44 testu horiek «idatziak jaio ziren, baina esateko jaio ziren, eta edozein belarrik antzemateko moduko gauza da idazteko hizkuntzari baino esateko hizkuntzari lotuago dabilela hemengo jarduna, gauza edo forma askotxotan bederen», laburbildu zuen; «Ereduzko hizkuntzaren zale direnentzat, nahi baino euskara narrasagoa topatuko du hemen», ohartarazi zuen.
«Nik neure zalantzak izan ditut liburu hau argitaratzearen egokitasunaz. Gauza bat da irratian, ahoz, gauzak bixi antzean esatea, eta beste bat oso bestelakoa paperean esandako gauza horiek hilda bezala ikustea . Exajeratu egin dut pixka bat, jakina», aitortu zuen atzo Donostiako aurkezpenean Segurolak. «Eta idaztearen moztasuna, edo mozdadea sentitu dut», gaineratu zuen segidan. Izan ere, horixe izan baita ahoz esandakoak papereratzeko orduan aurkitu duen zailtasuna edo.
«Azalkeriarik ez»
Alberdaniako kideek esana da Segurola ez dela ibili «azalkerian, ez xurikerian ere. Bere egia bota du, irratiko pulpitutik, bere ustez gezurra dena salatu du eta paper hauetan jasota gelditu da». Eta protagonistak berak, aldiz, hauxe azaldu zuen agerraldian: «Hizkuntza niretzat itsua da, itsua izan behar du. Eta batek itsu-itsuan jardun behar du, belarriak erne, baina ze itsulapiko hausten duen axolarik izan gabe. Hori da teoria».
Arantxa Iturbek ere parte hartu zuen atzoko aurkezpenean. Gogorarazi zuenez, orain dela hiru urte Segurolak «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo» (Alberdania) liburua kaleratu zuen, eta hura irakurri ostean otu ei zitzaien Euskadi Irratian «Arratsaldekoa» egiten zutenei mutil hau saioan behar zutela nahi eta nahi ez». Prozesua, antza denez, ez zen hain erraza izan; lehenik gonbidatu gisa aritu zen uhinetan, eta gerora hasi zen astean behin aipatu saiora bisitak egiten.
Besteren artean, Iturbek Segurolak «zer esana daukala eta nola esan ere badakiela berak» goraipatu zuen, bai eta hori egiteko «estilo pertsonal eta berezia» duela nabarmendu ere. Baina hitz zorrotzagorik ere baliatu zuen gero, aldamenean zeukan Segurolaren izaeraren berri emate aldera. Adjektibo andana baliatu zuen horretarako, «A»-tik «Z» ra bitarte ordenatuta. «Ausarta, beregaina, elegantea iraintzean ere, egozentrikoa, filosofoa, gezi jaurtitzailea, hizkuntzalaria, jostalari/jokalaria, krudela, leiala eta lotsatia, rebeldea, zer esana eta zer pentsatua ematen duena(...)», adibideak baino ez dira.
Liburuaren alde eta kontra
Labetik atera berria den «Nere gorringotik» liburuaren aldeko eta kontrako ezaugarririk ere aipatu zuen Arantxa Iturbek. «Kontrakoa da Segurola belarriz askoz ere Segurolagoa dela begiz baino; eta aldekoa da irratian Segurolak behin esaten duela, eta esan duen guztia jasotzeko bi edo hiru aldiz entzutea ezinezkoa denez, irakurriz norberak nahi adina alditan egin dezakeela aurrera nahiz atzera, hori du aldeko».
Irratirako sortuak izan diren 44 «jardun, hitzaldi, prediku edo sutra» biltzen ditu 240 orrialdeko liburuak. Anitzak dira oso horietan ardatz hartutako gaiak, eta guztiak, azkena izan ezik -«Bilbo, herri mundiala»- , euskaraz papereratu ditu; «komeni zen tokietan esanok txukunduz, orraztuz eta gominatuz, irakurlearen begietan hobeki eman dezaten».
Izenburua: «Nere gorringotik».
Autorea: Iñaki Segurola.
Argitaletxea: Alberdania.
Orrialde kopurua: 240.
Salneurria: 18,50 euro.