Kronika | Gazte mugimendua
Errepresioaren gainetik, gazteria indartsu dagoela erakutsi dute Leitzan
Nafarroako gazte independentistek urtero bezala NafaRock ospatu zuten joan den larunbatean, eta gazteak egun kezkatzen dituzten gaiak islatu zituzten Leitzako kaleetan. Antolatzeko gaitasuna nabarmendu eta pairatutako errepresioa hutsala dela aldarrikatu zuten, gazteria indartsu dagoela erakutsiz.
Jasone MITXELTORENA
Joan den larunbatean Gazte NafaRock jaialdia ospatu zen Leitzan. Nafarroako gazte independentistek antolatzen duten ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da, eta mila lagun baino gehiago elkartu ziren besta honen aitzakian. Bilkura hori gazteei bereziki eragiten dieten arazoak islatzeko baliatu zen. Izan ere, egun euskal gazteengan gaitzespena sortzen dute etxebizitza politikak, AHT eta antzerako proiektu txikitzaileek eta Bologna prozesua bezalako irakaskuntza-planek. Agerian geratu zen hori guztia Leitzan.
Aldarrikapenez betetako manifestazioak zeharkatu zituen kaleak, eta bidean aztarna utzi zuen gazte-martxa horrek. Euren kezkak azaldu eta horiek moldatzeko asmoa nahiz indarra erakutsita, kiroldegian bildu ziren ekitaldi politikoari hasiera emateko. Gauean Kaotiko, Sorkun, Etsaiak, Talco (talde italiarra) eta Altsasuko Batukada taldeen kontzertuek sortu zuten besta giroa.
Iraultzeko gaitasuna
Gaur egun gazteek bizi duten egoera ulertzeko historia ezagutzea beharrezkoa dela ulertuz, ekitaldiaren hasieran Nafarroan izan diren garai ezberdinak gogora ekarri ziren; han bildutako gazteek Nafarroako Estatuaren berri izan zuten, Erreinu zeneko garaia ezagutzeko Erdi Aroko egoera deskribatu zelarik. Egoera hura hautsi zuen 1512ko konkistaren berri eman zuten jarraian, Nafarroarentzat bereziki esanguratsua den data baita, orduan hasitako gatazka gaurdaino mantendu dela kontuan izanik. Historiarekin jarraituz, berriagoak diren bi pasarte gogoratu ziren; frankismoa eta trantsizioa delakotik gaur arte gertatutakoak azaldu zituzten.
Behin historian kokatuta, egungo gazteen errealitatea islatu zuen ikus-entzunezko emanaldia eskaini zen, gazteriak hainbat eremutan darabilen borroka nabarmendu zelarik. Horien artean proiektu txikitzaileen kontra, emakumeen eskubi- deen alde, herri-jaiak antolatzeko eta euren eskubideak defendatzeko borroken berri eman zen. Horren ondoren egin zen irakurketa politikoan borroka horren garrantzia nabarmendu zen. Ainara Bakedano bozeramaileak «gazteek pairatzen dituzten eskubide urraketak» gogorarazi zituen, «gazte eta aske izan nahi izateagatik» jasotzen den zapalkuntzaren ondorio direla azalduz.
Gazteria gatazka politiko eta armatura kondenatzen duena «Estatu frantsesak eta espainolak gure herria ukatzea eta zapaltzea» dela azaldu zuen.
Kolpatutakoak
Oarsoaldeko gazteak bereziki oroitu zituzten egoera horren adibide argi gisa. Horiekiko elkartasuna agertu zuten besarkada bero bat bidaliz. «Bide onetik goazelako kolpatzen gaituzte!», aldarrikatu zuten. Horrez gain, erasoei erantzuteko deia egin zen, «borrokarako prest egonda geldiezinak» direla adieraziz.
Hodei Ijurkori gertatutakoa ere gogoratu zuten, gazteen kontra «estatuek makineria zapaltzaile ankerra martxan» jartzen dutela agertzeko. Gazteria «suntsitzeko», auzitegiak, torturak, jipoiak, isunak, mehatxuak, jarraipenak, muntaiak, Polizia espainola, Guardia Zibila, eta «azken urteotan dominak irabazi nahian dabilen Foru Polizia» erabiltzen dutela salatu zuten. Arrazoia? Leitzan argi geratu zen: gazteek egoera iraultzeko duten gaitasuna, zapalkuntzari aurre egin eta herri gisa bestelako gizarte bat eraikitzeko gogoa eta indarra. «Denon artean lortuko dugu!», izan zen aldarri nagusia gazteen artean.