Durangon atxilotutako gazte baten auzia ANera igorriko du Fiskaltzak
Larunbatean Durangon gatibu hartutako hamahiru pertsonetatik lau atzo igaro ziren epailearen aurretik, eta aske jarraitzen duten arren, beren aurkako bide judizialak aurrera egingo du. Horietako bat gainera, adingabea da eta Bilboko Epaitegiko fiskalak bere aurka irekitako atestatua Auzitegi Nazional espainolera igortzeko asmoa erakutsi du. Askatasunak adierazi duenez, gainerako bederatzi atxilotuak datozen egunetan igaroko dira epailearen aurretik.
GARA |
Joan den larunbatean, Ertzaintzak atxilotutako adingabearen aurka irekitako prozedura, Auzitegi Nazional espainolera igortzeko asmoa agertu zuen atzo Bilboko Epaitegiko Fiskaltzak.
«Desordena publikoak» egin izana egotzi diote hamasei urteko gazteari, eta larunbat arratsean gainerako atxilotuekin batera aske gelditu ostean, atzo iga- ro zen Bilboko Epaitegitik. Askatasunak aditzera eman zuenez, egozten zaizkion delituak ukatu eta saioa besterik gabe amaitu arren, atestatua auzitegi berezira igorriko duela adierazi zuen fiskalak.
Adingabeak egin bezala, larunbatean gatibu hartutako beste hiru pertsonek ere Durangoko Epaitegira joan behar izan zuten atzo. «Agintariei desobeditze egitea» leporatu diete hirurei, eta deklaratu ondoren libre gelditu ziren; bide judizialak ordea, aurrera egingo duela baieztatu zuen Askatasunak.
Orotara, hamahiru lagun atxilotu zituzten Durangon, eta gainerako bederatziei ere «desordena publikoak» egin izana egotzi dietela azaldu zuen Askatasunak; baina beste atestatu baten baitan daudenez, ez ziren atzo epaile aurrean izan. Errepresioaren kontrako erakundeak azaldutakoaren arabera ordea, datozen egunetan deituko ditu Durangoko epaileak, haren aurrean deklaratu dezaten.
Hamahiru atxilotu eta gutxienez adineko lau emakume zauritu izan ziren Ertzaintzak larunbatean Herri Batasunaren 30. urtemugaren ospakizuna ekiditeko hartutako jokabidearen emaitza.
Gertakarien biharamunean ezker abertzaleko kide Itziar Aizpuruak, Durangon zauritu kopurua komunikabideek aireratutako kopurua baino handiago zela baieztatu, eta kolpatutako asko anbulatoriora beren kabuz joan zirela adierazi zuen. Era berean, Basurtoko Ospitalera eramandako emakume heldu bat ertzainen oldarralditik ihesi taberna batean zegoela zauritu zutela esan zuen; «gorputz osoa kolpez josirik zuen», gehitu zuen Aizpuruak.
Askatasunak ezagutzera eman zuenez, larunbatean gertatutako atxiloketetako hiru gutxienez, taberna barruan gertatu ziren. Javier Balzaren agindupeko Polizia Alpino ostatuan eta herriko tabernan sartu ziren eta bertan bildutako jendea identifikarazi zuten; lehenengo tabernan gainera, durangarrak ez ziren hiru lagun gatibu eraman zituzten.
Madrilek deus esan gabe
Durangoko ekitaldia Lakuako Barne Sailak debekatu zuen ostiralean, Auzitegi Nazional espainolak HB, EH eta Batasuna legez kanpo utzi zituela argudiatuta. Auzitegi bereziko Fiskaltzak ere Fernando Andreu epaileari hitzordua debekatze-ko eskatu zion. Epaileak ordea, ez zuen larunbatean debekua ezartzeko beharrik ikusi, Gasteizko Gobernuak aurrea hartu baitzion.
Askatasunaren ustez, «EAJren erabaki politikoz» erabili zuen Poliziak indarkeria «oinarrizko eskubideak ukatzeko».
Ekitaldia ez zuen Auzitegi Nazionalak debekatu. Lakuak aurrea hartu zion eta hortaz Andreu epaileak ez zuen legez kanpo uzteko beharrik ikusi. Orain ordea, Durangon jazotako atxiloketa bat Auzitegi Nazionalera igorri nahi dute.
Barakaldoko Lutxana auzoko batzokiari eraso egin zioten atzo goizaldean, ordu bata aldera hain justu. Ezezagun batzuek pare bat molotov koktel jaurti zituzten jelkideen egoitzaren atzealdera, eta fatxada belztu zuen sute txiki bat piztu zen. Kalte materialak sortu arren, sutea bere kabuz itzali zen.
Barakaldoko Udaleko Bozeramaile Batzordeak erasoa gaitzetsi zuen eta elkartasuna adierazi zion EAJri. Patxi Lopez PSEko idazkari orokorrak ere sabotaje horren inguruan «ETAren estalduraren azpian» ez dagoen oro mehatxaturik dagoela adierazi zuen.