GARA > Idatzia > Kirolak

AUTOMOBILISMOA

Apalantza anaien Subarua izan zen azkarrena Ñañarri I. Rallyesprintean

GARA | DONOSTIA

Gorka eta Aitor Apalantza anaiek gidatutako Subaru Impreza WRC autoa izan zen denborarik onenak lortu zituena Kilometroak jaiaren alde antolatutako Ñañarri I. Rallyesprintean. 16 minutu, 28 segundo eta 9 ehuneneko denbora egin zuten txanda guztiak kontuan hartuta, eta txanda azkarrena 5 minutu, 27 segundo eta 4 ehunenekoan osatu zuten.

Apalantza anaien atzetik, Joseba Zapirain eta Borja Aguadoren Peugeot 206 WRCa sailkatu zen, 52 segundo eta ehuneneko batera.

Aipagarria da epaileek Xabier Lujua eta Txiki Burgosen Skoda OctaviaWRC-a sailkapenean ez sartzea erabaki zutela, hirugarren txandan irteera ez egokia egin zuelako. Epaileek azaldu zutenez, ikusleen laguntza behar izan zuen abiatzeko. Ondorioz, Santi Artetxe eta Sandra Fernándezen artean eramandako Peugeot 307 WRCa sailkatu zen hirugarren postuan: irabazleak baino minutu bat, 13 segundo eta 3 ehuneneko gehiago behar izan zituzten.

Guztira, 51 pilotu atera ziren azkenean, izena eman zutenak baino bi gutxiago. Hiru txandak osorik egin zituzten pilotuak, berriz, 36 izan ziren. Hala ere, lasterketako epaileek bat sailkapenetik at uztea erabaki zuten. Antolatzaileen hitzetan, aurreikusitako denborak proba osoan zehar mantendu ziren, inolako atzerapenik gabe. Eguraldi onak eta errepidearen egoera apartak lagundu zuen horretan, eta aipagarria da ikusleen portaera ere, segurtasuneko arduradunen oharrak inolako arazorik sortu gabe bete zituztelako .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo