Salbuespenaren erakustokia Madrilen
Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiketa berriro hasi zen atzo Madrilgo Casa de Campo-n. Egoitzak berak erakusten du salbuespen egoera zein neurritaraino ailegatzen den. Ibon Aranaldek, Susana Atxaerandiok eta Jorge Olaitzek deklaratu zuten atzo, akusazioak hala eskatuta. Euskal herritar horien testigantzak akusatuen ardura argitzeko erabili nahi zituen auzitegiak, baina beren deklarazioa, ordea, torturaren salaketarik ozenena bihurtu zen.
Europa erdian eta XXI. mendearen hasieran, sinestezina dirudien arren, tortura erabili da tortura salatzen duen erakunde baten aurka egiteko. Hori da atzoko saiotik atera daitekeen ondorio nagusia, alajaina. Erro sozial sakonak eta jatorri politiko zuzena duen mugimendu hori kriminalizatzeko krimenak erabili direla, alegia. Euskal Herrian, honezkero, gutxi harrituko ditu auzi honek, salbuespen horiek ohikoegiak dira-eta. Baina egitate honek berak erakusten du zein neurritaraino izango duen «Madril», «epaitegiak» eta «euskaldunak» biltzen dituen edozein trinomiok «salbuespena» emaitza gisa, beti.
Torturak ekiditeko ardura duen gobernuak torturak bultzatzen eta torturatzaileak saritzen dituenean, torturak salatu behar dituen Poliziak torturatzearen ardura duenean, torturatzaileak jazarri behar dituzten epaileek torturatzaileen okerrak zuzentzen dituztenean eta horiei babesa lotsagabeki ematen dietenean, tortura zantzuak ikertu behar dituzten auzitegietako medikuek frogak ezkutatzen dituztenean... nekez eska dakioke estatu horri Zuzenbidearen eta legearen berezko ezaugarria den inpartzialtasuna. Azken batean, honek guztiak erakusten du zergatik iraun duen sendo errepresioaren eta salbuespenaren aurkako mugimendu horrek. Horrek guztiak erakusten du zergatik duen amnistiaren aldeko mugimenduak, une hauetan bertan, zentzu eta helburu argia gure gizartean. Giza eskubideak bermatzearen ardura duen entitatea, estatua, giza eskubideen bortxatzaile nagusia delako.