GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

Larretxeak finalerdietan izateko urratsa eman du

Aizkolari nafarra garaile atera zen final-laurdenetako ligaxkako lehen neurketan, Olasagasti saioko proba guztietan mendean hartuta

p052_f01_333x333.jpg

Jon LEUNDA | LAZKAO

Donato Larretxeak finalerdietan izateko urrats handia eman zuen atzo Gasteizen. Bertan abiatu zen final-laurdenetako ligaxka, eta lehen neurketan erraz menderatu zuen Joxemari Olasagasti.

Hasteko, aizkolariak 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Ondoren, erlojupean aritu ziren 45 ontzakoa zeinek lehenago erdibitu. Ondoren, kana-erdiko bat zutik moztu behar zuten. Laugarrengoan, 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda ebaki behar zuten, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten.

Larretxeak proba guztiak irabazi zituen. Lehenengoan, 31 kolpe behar izan zituen 45 ontzakoa mozteko, eta hamabi kolperen aldea atera zion. Bigarrengoan, bost segundoko aldea atera zion, nafarrak 39 segundotan erdibitu baitzuen 45 ontzakoa. Zutikakoa, minutu bat eta 45 segundotan moztu zuen Larretxeak, eta 2.20an Igeldokoak. Proba mixtoa, berriz, 2 minutu eta 13 segundotan amaitu zuen nafarrak, eta beste bost segundo sartu zizkion gipuzkoarrari. Proba luzea, berriz, hamar minututan amaitu zuen Larretxeak eta beste sei segundo sartu zizkion Igeldokoari. Lan guztiak, 15 minutu eta 8 segundotan burutu zituen Larretxeak, eta 16 minutu eta 11 segundotan, berriz, Olasagastik. Ligaxka amaitzeko aizkolari bakoitzak oraindik beste saio bat jokatu beharko du, baina oraindik ez dakite zeinen aurka arituko diren. Rekondoren eta Arriaren arteko deman garaile ateratzen dena izango baita multzo honetako bestea.

López

Juanjo López sartu zen atzo final-laurdenetako ligaxkan, Lazkaon Daniel Vicenteri irabazita. Lezaungo aizkolariak Arrospiderekin eta Nazabalekin neurtu beharko ditu indarrak hemendik aurrerakoan.

Aizkolariek lau lan egin behar zituzten atzo Lazkaon, eta López jokatutako proba guztietan garaile atera zen. 15 segundoko aldearekin sartu zen azkeneko lanean, eta han ere nagusi izan zen. 11 minutu eta 44 segundo behar izan zituen Lópezek lan guztiak burutzeko, eta 12 minutu eta 47 segundo, berriz, Daniel Vicentek.

23 urtetik beherakoen proba ere jokatu zen, eta Jauregik erraz menderatu zuen Vázquez. 13.21 izan zen arabarraren denbora, eta 17.24, berriz, nafarrarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo