«Ez dut uste igandean jokatuko den finalerako faboritorik dagoenik»
Pilotaria
Sebastien Sorhuetek finala jokatuko du igandean Paxkal Ezkurrarekin batera. Pausoakoa eta Urruñakoa finalean izateko faborito ziren Txapelketa aurkeztu zuten unean, eta lapurtarrek ez dute hutsik egin, biak izango baitira igandean Modernen. Honelakoetan nahiko berria da Sorhuet, baina atzean eskarmentu handia duen laguna izango du, eta txapela lortzeko itxaropentsu daude.
Jon LEUNDA |
Sebastien Sorhuetek finala jokatzeko modua izango du datorren igandean Baionako Moderne trinketean. Pausoako aurrelariak Paxkal Ezkurra izango du lagun atzean, eta berak hala uste ez badu ere, askorentzat txapela lortzeko faborito izango dira. Horretarako, ordea, Ibarrola eta Ozafrain menderatu beharko dituzte.
Finalaren atarian zaudetela, nola sentitzen zarete?
Ongi, gogoz, finalak jokatzea beti izaten da ederra, eta ilusioz joango gara. Finalerdia oso zaila izan genuen, eta asko kostatu zitzaigun irabaztea. Han Waltari zegoen, eta haren aurka defentsako lan handia egin behar da. Uste dut finalean geure jokoa egiteko moduan izango garela.
Orain arteko partida guztiak irabazi dituzue. Finalari begira, horrek indarra emango dizue, ezta?
Bai dudarik gabe. Partida guztiak irabazteak beti ematen dizu konfiantza. Gainera, lehen aipatu bezala, finalerdietan oso neurketa gaiztoa izan genuen, eta hori ere gainditu genuen. Horrek indarra ematen dizu, baina gero, balio duena finala irabaztea da, eta partida horrek ez du zerikusirik izango orain arte jokatutakoekin.
Finalean, Ibarrola eta Ozafrain.
Bai, eta norgehiagoka oso zaila izango da. Orain arte erakutsi duten moduan oso bikote indartsua osatzen dute, eta haien aurka ere gogor jokatu beharra dago irabazi nahi baldin badugu, bestela ez baitago txapela lortzerik.
Lehen faseko ligaxkan jokatu zenuten haien aurka eta irabazi egin zenuten. Horrek ere buruari lagunduko dio ezta?
Bai, dudarik gabe, behin irabazi diegu, eta bigarrengoan ere posible da, baina oso zaila izango da. Lehen aipatu bezala oso bikote indartsua osatzen dute, eta finalak ez du lehen faseko partidarekin zerikusirik izango. Guk irabaz dezakegu, baina haiek ere bai, eta oso final estua izango da.
Igande arratsaldeko finalean zuek izango al zarete irabazteko faborito?
Ez dut uste gu garenik faborito, eta ez dut uste faboritorik dagoenik ere. Bi bikoak pareko samarrekoak gara, ez dago alderik, eta finalak beti izaten dira oso bereziak. Bietako edonork irabaz dezakeela uste dut, eta ez dut uste faborito garbirik dagoenik.
Azkeneko neurketara, finalerdi oso estua irabazita heldu zarete. Nolakoa izan zen Idiart-Waltariren aurkako partida?
Oso gogorra. Oso partida zaila izan zen. Gaizki hasi ginen, eta Idiart eta Waltari oso ondo. Hasieran ez ginen ongi aritu, baina apurka-apurka jokoan sartu ginen, eta garaipena erdietsi genuen, baina oso zaila izan zen, besteek ere argi eta garbi utzi zuten oso bikote ona osatzen dutela.
Hasieran galtzen hasi zineten, eta aurkariek aldetxoa ere atera zizueten, baina ongi erreakzionatu zenuten. Burua argi duzuela erakutsi zenuten.
Bai, bestela ez dago fitsik egiterik. Hasiera oso zaila izan genuen. Baina, gero, lortu genuen Waltariri jokoa kentzea, eta horrek aukerak eman zizkigun. Kubatarraren aurka jokatzea oso zaila da. Oso kolpe bortitza dauka, eta defentsan lan handia egin behar da hari irabazteko. Gero, Idiartek ere oso partida ona egin zuen. Azkenean, behintzat, garaipena lortu genuen, eta orain finala jokatzeko moduan gara.
Normalean Biarnon ez da txapelketako partidarik jokatzen, baina zuek han jokatu zenuten finalerdia eta dena ongi joan zen. Trinkete polita, jendeak oso ondo erantzun zuen, zuek partida ederra egin zenuten. Zer-nolako iritzia daukazu?
Oso ona, oso gustura geratu ginen. Partida ona atera zen, eta horrek ere beti laguntzen du. Normalean ez gara Biarnon aritzen, baina garbi dago han ere jokatu daitekeela. Trinkete onak badaude, eta jendeak ere esku pilota maite duela ikusi zen. Olorueko trinketea berria da, eta oso polita, jokatzeko gustagarria. Gainera, harmailetan jende asko zegoen, eta hori ere polita da, guretzat ere ederra da, harmailetan jende asko ikustea. Orain azkeneko partida geratzen da, eta han ere jendea izatea espero dugu.
Finala Modernen jokatuko da, eta trinkete berezia da, berunezkoa baita. Finalerdia Oloruen jokatu duzue, eta trinkete hura ere berunezkoa da. Hori ona izango zen zuentzat ezta?
Bai. Alde horretatik ona da, ez baitira horrelako trinkete asko, eta ohitzeko ongi geratzen da. Hala eta guztiz ere, garbi utzi behar da Moderne eta Oloruekoa ez direla berdinak. Biarnoko trinketea azkarragoa da Baionakoa baino.