GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Eulate Zilonizaurrekoetxea EHEko kidea

Subiranotasunaren bidez, eskola eredu bakar eta euskalduna eraikitzen

Eskolak eredu bakarra eta euskalduna behar du euskararen eta Euskal Herriaren geroa ziurtatzeko. Euskalduntze plan eraginkorrak abiarazi beharko dira horretarako, egungo egoera iraultze bidean

Bada pertsona orok jaio eta hil artean berebizikoa duen elementu bat, eta hori hezkuntza da. Egunero, orduoro, minutuoro, segundoro, zerbait berria ikasten ari da, nahiz eta askotan horretaz ohartzen ez den. Guztia da hezkuntza, edota hezkuntza da guztia. Pertsona eta bizidun ororen enbor nagusietakoa bai, bederen.

Hezkuntza sistema nazionalaren beharra behin eta berriz entzun dugun eskaera da, jendarteko eragile sozial ezberdinetatik. Iaz, itxaropentsu, Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren jaiotzaren berria jaso genuen; Euskal Herrirako eta euskal herritarrentzat hezkuntza eredu nazional eta euskalduna egikaritzeko lehen akordioa. Izan ere, gaur gaurkoz, ez dago Euskal Herriaren osotasuna aintzat hartzen duen marko aitorturik. Hori ez da berria; baina esparruren batean bereziki nabaria bada, eskolaren eremuan da. Euskal Herriaren zatiketa administratiboa dela-eta, gure lurraldearen osotasuna aintzat hartzen ez dituzten irakaskuntza ereduak daude. Eta hori, nazio eta herri ikuspegi batetik eraikuntza lanetan gabiltzanontzat, izugarrizko atzerapausoa da.

Horren adibide argi, Perez-Nievas nafar Gobernuko Hezkuntza kontseilariak egindako adierazpen bitxi batzuk ditugu. Indarrean dagoen irakaskuntza ereduarekin konformatu ez, eta aldaketa andana egitekotan da datorren ikasturtetik aurrera. Eredu berri baten ezarpenaren berri eman zuen, «Tratamiento Integrado de Lenguas» (TIL), izen bitxia duena. Helburua, ingelesa A ereduarekin (guztia erdaraz, euskara irakasgai modura izanik) eta G ereduekin (guztia erdaraz) bat egitea da. Baina nafar Gobernuaren ankerkeriak areago doaz. Geografikoki euskararen estatusa zatikatzen duten lur-eremu honetan, erdal irakaskuntzaren aldeko apustua egiten dute, eredu guztiz arrotzak ezarriz, A, B, G, «Hello», «British» eta dena delako ereduak medio.

Baina oztopoei buruz hitz egiten hasita, existitu egiten garela onartu ere egiten ez dutenen aldetik jasaten ditugun politika basatiez ere mintzatu behar; izan ere, Estatu frantsesak ahalegin bereziak egin izan ditu, eta horretan dabil azkenaldian ere, Europako lurralde zaharrenetariko bat mapatik ezabatzeko. Horretarako, gure herriaren ezaugarri funtsezkoenetariko bati erasotzen dio, euskarari; guztiak balio baitu politika zentralista eta unionista baten aitzakian. Hezkuntza Ministerioak eskola mapa berria aurkeztu du datorren ikasturterako. Eta, nola ez, eragin zuzena du euskarazko irakaskuntzan. Azken urteetan sei irakasgela elebidun eratu badira, datorren urterako bakarra aurreikusten dute. Eta irakasle postuetan? Hezkuntza Ministerioak bakarra eskaini du (Seaskak 13,5 postu aldarrikatzen zituen bitartean).

Eta erasotuaren eroapenak mugarik izango badu, ezin orain artekoaz amaitu; lurralde zatiketan sakonduz lan egiten duen Eusko Jaurlaritzak merezi du-eta esparru honetan aipamena. Derrigorrezko hezkuntzak ikasleak euskaldundu ez, horretaz jakitun izan (16 urteko gazteen artean egindako azterketa baten harira 1982tik hona daroaten politikaren porrota onartu zuten), eta proposamen berria egitekotan dira hemendik gutxira. Zantzu guztien arabera, proposamen horrek ez du belaunaldi berriak euskalduntzea ahalbidetuko; errezeta zaharrak eta ez-eraginkorrak nagusi, beste behin ere.

Hau guztia posible egiten dutenen zerrenda ere badugu. Egungo hezkuntza arduradunak dira: Max Brisson, Tontxu Campos eta Carlos Perez Nievas. Iruzurrek gaur egun izen-abizenak dituzte, gure lana da iruzur horiek salatu, eta beharrezko tokian kokatzea.

Esandakoaz jabeturik, Euskal Herriko irakaskuntza(k) gaixorik daudela baiezta dezakegu. Irakaskuntza(k) diogu, lurralde antolaketaren araberako eredua ezartzen delako eremu bakoitzean, edota politika arrotzetan eskusaturik agintari arrotzek aplikatzen dituzten neurriak direlako.

Euskal Herriak eta bere hizkuntza nazionala den euskarak, nazioaren osotasuna aintzat hartuko duen marko baten beharra du. Marko hori gabe, egiten den proposamen oro (EAEkoa kasu) antzua izango da, ez baita Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen jabe izango. Eta burujabetza da horretarako giltzarria. Autodeterminazio linguistikoa behar dugu, eta euskal herritarrok, horren jabe izan. Euskarak behar duen lege berria, subiranotasunaren printzipio horri jarraiki lortuko dugula sinestu behar dugu. Urte asko daramatzagu agintarien zabarkeriari eutsiz; orain, gure garaia da, eta euskararen ofizialtasuna auzolanak eskaintzen dizkigun erreminten bitartez lortuko dugu.

Irakaskuntza esparruan egin beharreko aldaketa ardatz horien gainean burutuko dugu. Eskolak eredu bakarra eta euskalduna behar du euskararen eta Euskal Herriaren geroa ziurtatzeko. Euskalduntze plan eraginkorrak abiarazi beharko dira horretarako, egungo egoera iraultze bidean. Horrekin batera, hezkuntzako langileria euskalduna izatea ezinbesteko baldintza izango da, hasi irakasleetatik eta administrazio zerbitzuetaraino. Irakasle eskolak euskaraz aritzearekin helburua aise beteko genuke. Eta horien edo bestelako neurrien bitartez euskalduntzen ez direnekiko, plan bereziak burutzea aurreikusi beharko litzateke.

Zerrenda luze bezain amaigabea egin daiteke. Zerrendak, haatik, ez du euskararen etorkizuna ziurtatzen, paper hutsean geratzeko arriskua baitago. Urratsak behar ditugu, euskararen normalizazioa eta ofizialtasuna, eskola euskalduna, Euskal Herri euskalduna eraikitzea ahalbidetzeko. Eguneroko lanari eutsi eta auzolanak eskainitako fruituez baliatuko gara guztion indarrez Euskal Herri euskalduna eraikitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo