GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Uruguain, Euskal Herriaren gaineko informazio hutsunearen ondorio gara»

Victoria Giambruno, Ana Gil eta Gloria Zuazola

«Orain Euskal herria» saioko esatariak

Hedabide nagusiek Euskal Herriaren gaineko albisteetan alde bakarreko ikuspuntua ematen dutela iritzita, hiru neska hauek erabaki zuten «Orain Euskal Herria» irratsaioa egitea astero Uruguaiko Radio Centenarion. Euren herrialdeko jendeari zuzenduta egon arren, diasporako beste entzuleak ere badituzte Internet bidez. Hurbilago, Lekeitioko Arrakala irrati libreak ere igortzen du haien saioa.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Nola sortu zen irratsaioa?

Hedabide handiek Euskal Herriaren inguruan duten informazio hutsunearen ondorioz sortu zen. Uruguai eta beste herrietara agentzia handiek ematen dituzten albisteak soilik iristen dira, eta hauek alde bakarreko informazioa eman ohi dute.

Zer oztopo aurkitu dituzue zuen bidean?

Lehenik eta behin, ekonomia arazoa. Hala ere, jendeak ezagutzen gintuen heinean, kolaborazioak igo egin ziren. Bestalde, denbora mugatuak ere gure aurka jotzen du, 30 minutuan gauza asko geratzen baitira esan gabe. Azkenik, guk hirurok ez genuen eskarmenturik hedabideetan eta, alde horretatik, arriskutsua izan zen.

Edukien aldetik, zer irizpide jarraitzen dituzue?

Larunbatero, albisteen laburpen bat ematen dugu: gertaera politikoak, herritarrek jasaten duten errepresioa, etab. Denbora geratzen bazaigu, kultura, mitologia, gastronomia edo antzeko gaiekin lotura duten informazioak sartzen ditugu. Azkenik, diasporak antolatutako ekintzen berri ematen saiatzen gara.

Entzuleengandik zer harrera sumatu duzue?

Erantzuna ona baino hobea da, jende askok txalotzen du gure saioa eta albisteak ekartzen dizkigu. Munduko txoko askotako mezuak jasotzen ditugu, Internet bidez entzuten gaituztelako (www.radio36.com.uy). Horrez gainera, irrati libre batzuek haien emanaldietan sartzen dute gure saioa; adibidez, Lekeitioko Arrakala irratiak.

Euskal Herriko edo Hego Amerikako beste herrialde batzuetako erantzuna jaso duzue?

Bai, Euskal Herriko jende askok entzuten gaitu. Gauza harrigarria, ematen dugun informazioa han ez baita berria eta atzerapenarekin iristen baita. Beste herrialdeetako mezuak ere jasotzen ditugu, baina gehien animatu gintuena La Sante, Almeria eta Algercirasko presoen kolektiboak bidalitako agurrak jasotzea izan zen. Keinu hauek aurrera jarraitu eta edozein oztopo gainditzeko indarra ematen digute.

Hainbat euskaldun ere izan duzue bisitan...

Behin, Maialen Lujanbio eta Fredi eta Xabi Paya anaiak izan genituen. Luxu bat guretzat. Udalbiltzak antolatzen dituen tailerren arduradunak edota Askapenako bridagetan etorritako hainbat lagun ere izan ditugu gurekin. Euskal Herritik hona bidaiatzen duten pertsonak irratira hurbiltzen saiatzen gara.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo