Elena Martinez Rubio Filosofian doktorea
Demagun, Madeira
Madeiraren iraganaren eta orainaren errepasoa eginez, Martinezek esklabotzari buruzko gogoeta egiten du, besteak beste. Hartara, turismoak guztiz ezkutatu ezin duen historiaren testigantza ematen du.
Demagun, Madeira: egur hutsa eta baso hutsa, portugaldarrek bertan lekukotzea erabaki zutenean. Halako neurrian, non zazpi urte eman baitzuten luberriak atera nahian zabaldutako lehen sutea hiltzen.
Irla jendegabea zen hamabosgarren mendean, landaretza oparokoa. Portugaldarrek ez zuten borroka egin beharrik izan beretzeko. Baina bizileku gogorra, menditsua, malkarra. Barnealdean, amildegiak, trokak eta haitzarteak ziren nagusi. Itsasaldean berriz, labar zorrotzak, ontziei babesgunerik eskaintzen ez zietenak.
Pizti gutxi zegoen orduan, hegaztiak batik bat. Eta zomorroak, txorien lumajeetan bidaiaturiko arrautzetatik sortuak. Edo bestela, itsasaldiek ekarritako hondakinetan onik iritsiak ziren sugandilen ondorengoak. Ez da harritzekoa, antzinateko feniziarrek ezaguna zuten arren, itsasgizon portugaldarrak agertu artean Madeiran inor bizitzen jartzera ausartu ez izana.
Demagun, Madeira: egur hutsa baso hutsera eramandako bahituek hartu zutena. Kanarietan, Mauritaniako eta Gineako kostaldean ehizatu edo erosten ziren esklaboez ari gara. Legearen araberako jokabide bat, Eliza katolikoak ere baimendua. Esklabo egindakoak fedegabeak ziren heinean, behinik behin.
Hamaika gizonezkok galdu zuten bizia leizean behera amilduta harkaitzak zulatzen ari zirela, tarte mehar eta tunel estuak irekiz levada izeneko ubideak egiteko. Are gutxiago ekartzen da gogora emakumezkoen patua. Sexurako eta lan askotarako erabili ziren. Zakilen erreinuko beste erroitz mota bat.
Lan eskerga, hastapenetakoa. Aipatu levada-multzoa, nekazaritza ahalbideratu zuen ureztatze-sarea dugu, bizpahiru mila kilometro luze, ura iparraldeko mendi garai euritsuetan bildu eta hegoalde idor lauagoan mailaz maila antolaturiko alor urrietara banatzen duena. Bizimodu zaila, nolanahi ere, geroagoko nekazariena. Honen lekuko, lagun mordoa bizi ohi zen garai bateko baserri ezin txikiagoak. Eta zuri-beltzezko argazki zaharretan ageri zaizkigun jauntxo kapeladunak: lurrak ikuskatzera, hamaketan etzanda joaten ziren, hamakaren bi muturrei morroi oinuts banak eusten ziela. Hango aldats pikoak zaldiz, gurdiz zein autoz ibilgaitzak zirenez, garraiobide erosoena hautatu zuten ugazabek.
Iragana! Zein urrun eta zein gertu. Hirurogeita hamargarren hamarkadan, Europako eskualde txiroenetakoa zen Afrikako zati hau. Turismo enpresa handiek uharte ederraren ustiatzeari ekin ziotenetik ordea, bizitza maila nabarmen igo omen da. Aski dugu, hala ere, turisten ibiltokietatik desbideratzea, nekeak agortu dituen bertakoen aurpegi zimurrez jabetzeko ustekabean. Edota sorterriko ekonomiaren porrotak belauniko jarri dituen behargin inportatuei antzemateko, turismorako azpiegitura berrien lanetan.
Egungo turistek levada direlakoen mirestea dute denbora-pasa, porlanezko zubi erraldoi gaineko autobideen eraikuntza aurrera doan bitartean. Halaber ikustatzen dituzte, beste nonbait, Erdi Aroko gotorlekuetako leotzak, gerra presoek eraikitako gazteluak, Inkisizioaren tortura gelak, Berpizkundeko zapaltzaileen jauregi dotoreak nahiz errege buru-iritzien lorategiak, beti ere galderarik egin gabe, ez bidaia-gidariari, ez beren buruari. Erakusten zaiena in illo tempore mitikoan jazo izan balitz bezala, behinola, alegia. Aro hura, alabaina, orainaldiko inperioekin inoiz ere lotu gabe. Lehergarria galdu duen lehergailua edonoren eskuetan utz daiteke, agi denez.
Ez ikusiarena egiteko ahalmena ote, ala atzamar oroprogramatzaileak agintzen duenaz baino ez ohartzeko ezintasuna... Batek daki!
Hainbat lekutan, baita gaurko legebiltzar distiratsua ere egoten da turistentzat erakusgai. Sekula ez espetxeak eta militar kokalekuak. Denda-osteak, argi hotzago batek argitzen dituelako, ezerk argitzekotan. Eta hain zuzen ere, horiexek erakutsi ahal izatea litzateke herrialde baten orekaren adierazlerik onena, nor bizi den gizarteaz harro izateko bidea. Esan nahi baita, horrelako bat ere ez egotea. Hau da, iragan lotsagarria egiatan iragan izana.
Bada, edozein toki ospetsutan saldoka barneratu ahala, Baltasar Graciánen kobaren irudikoen antza hartzen dugu turista otzan isilok, ezari-ezarian:
-«Horra hor, ez asaldatu, hutsaren haitzuloa», esan du Prestuak.
-«Hutsa, zergatik?», galdetu dio Andreniok, «neu, aldiz, mende honetako ur-lasterra bertara itsasoratzen dela ari naiz ikusten, munduaren uholdea, hiri jendetsuak, gorte handiak, erresuma osoak»
-«Ba, ondo begira ezazu, diozun guztia barrura sartu ondoren, haitzuloa huts-hutsik geratu da-eta... Ezer ez ziren izan, ezer ez zuten egin, eta ezer ez izatera heldu ziren».