M.Axun Larrañaga Tknika Ikastetxea
Lanbide Heziketan aste ekintzailea
Beste urte batez, maiatzaren 5etik 9ra, pertsona ekintzailearen astea ospatzeko prestatzen hasi gara Lanbide Heziketako ikastetxeetan.
Bakoitzean antolatu diren jarduerak asko dira, eta maiatzaren 9a aukeratu dugu ospakizunaren egun nagusi. Guztiek gauza bera dute partekatzen, ekintzaile kultura bultzatzea, argumentu sinesgarrienaren bitartez: Urratsbat proiektuko gazteak adibide bezala, sakrifizio, adore, lan eta talentuarekin mundu hain lehiakor honetan, enpresa tarte bat egiteko gai izan dira-eta. Ekintzailetasuna jatorrizko zerbait da gizakiaren bilakabidean, gizakiarengan beti presente egon den zerbait. Badaude jarrera hau beste bizidunetatik bereizten gaituena dela esaten duten korronte batzuk.
Gure lurra emankorra izan da halako jarreretan, bai enpresa mailan, bai gizarte mailan. Gaur egun instituzio handi diren zenbat eta zenbat jarduera sortu ote dira pertsona eta taldeko esfortzu eskuzabalari esker!
Ekitea, gure bizitza osoan bete behar dugun ekintza da, ez bakarrik enpresen sorreren testuinguruan, baizik eta besteentzat egiten den lanean ere agertzen da, existitzen diren enpresetan berrikuntza aplikatzen, negozio unitate berriak edo produktu/zerbitzu berriak sortzen.
Berrikuntzak eta ekimenak gure herria bizirautea lortuko dute eta mundu globalizatu honetan garatzea. Beste batzuk egin ezin dutena egiteko gai izan behar dugu, nahiz eta besteak ugariagoak eta boteretsuagoak izan.
Gure helburua etorkizuna duen gizarte gisa irautea eta garatzea izan behar da, baina ekiten dutenak pertsonak direnez, hezkuntzatik lanean ari gara, behaketa, sormena, irudikapena, arazoen ebazpena, erabakiak hartzea, arriskuen bereganatzea, iniziatiba, autonomia, erantzukizun soziala, trebetasun soziala, talde lana... garatzen duten pertsonen prestakuntzan lanean ari gara.
Lanbide Heziketa berriko hezkuntza zikloetan, «enpresa eta ekimen ekintzailea» deituriko modulu berri bat ezarri dela nabarmentzekoa da. Dudarik gabe modulu honek, konpetentzien eskuratzean eta garapenean lagunduko du.
Etorkizun gertu hau aurreratu behar dugu eta jakinduriaren transmisioan geratzen diren ohiko metodologietatik urrundu, eta «hezkuntzaren bideratzaile» izan behar dugu, metodologia aktiboetan edukietan baino adituagoak izaten, nahiz eta hauek garrantzitsuagoak izan.
Lanbide Heziketako Tknika Berrikuntza eta Hezkuntza Ikastetxeak, ekintzailetasunari dagokionez, 49 ikastetxe kudeatzen ditu eta 115 irakasle ditu bere sarean, hainbat programen bidez.
Ikastetxeak enpresa-mintegi bihurtzen dira eta ikasle ohien artean enpresen sorrera sustatzen du, haien tutore izanez. Ikasturte honetan, jadanik 32 enpresa sortu ditugu.
Bestetik, www.euskadiadi.hiru.com plataforma dugu, sortu berria, gaitasun horren garapenean zuzenean edo bestela parte hartzen duten pertsonak elkartzeko lekua dena.
Azkenik, hemendik eman nahi diegu eskerrak hezkuntza alorreko agintariei; Industriako eta Enpleguko sailei; Euskadiko Kutxa, BBK, Caja Vital banketxeei, besteak beste; zuzendarien taldeei; foru aldundiei; kanpo aholkulariei; dinamizatzaileei eta, gehienbat, ikastetxeei beraiei, eta bereziki, ikastetxe horietako ikasleei, beraien gazteria eta entregari esker, ematen zaizkien aukeretan parte hartzen dutelako.