GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Jarrera berria arazo zaharrenaren aurrean?

Erakundearen 60. urteurrena ospatzeko (ofizialki) edo nagusi ahaltsuenen ezkortasuna goxatzeko (egiazki), Kanpoko Ebaluaketa Independente bat eginaraztea erabaki zuen FAOk, Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak 2005eko udazkenean, erakundearen historia osoan estreinakoz. Handik bi urtetara argitaratu zen kontu ikuskaritza horren emaitza eta, espero zitekeen moduan, aje larriak (finantzen eta egitasmoen krisia, gehiegizko burokrazia...) salatzen zituen erakundearen baitan, eta kudeaketako irizpide nagusiak sakonki aldatu eta eguneratu beharra aldarrikatzen zuen. Baina erakunde multilateral guztiak isekatzen dituztenen zoritxarrerako, baieztapen borobil bat azpimarratzen zuen Txostenak: «Existituko ez balitz, FAO asmatu beharrean aurkituko ginateke».

Batzuek nahiko zuten hil-kanpaia ez baizik su-kanpaia zirudien hark akuilatuta edo, sei hilabete geroago, nazioarteko agendaren erdi-erdian ipini nahi izan du FAOk bere burua munduan zehar barreiatzen ari den elikagaien krisiari aurre egiteko deiadar zirraragarria plazaratuz: berehala neurri eraginkorrak hartzen ez badira, gosetean, edo behintzat elikagai urri eta garestien menturapean aurkituko dira laster milaka milioi mundutar. Arazoa, Apokalipsiko zaldi beltzarena alegia, ez da batere berria, noski. Ezta globalizazioaren garai hauetan batzuek «agriflakzioa» deitu duten aldagai berri honetan ere: elikagaien eta batik bat zerealen garestitze beldurgarria eragiten duten faktore ezberdinak aski ezagunak dira aspalditxotik aditu eta ez adituontzat, eta gehienera haietako bakoitzaren eragina zehazterakoan leudeke desadostasunak.

Berria, FAOren beraren jarrera aktiboago hori litzateke hein batean eta, batez ere, haren deiari Bush bezalakoek egin dioten harrera baikorra, erakunde multilateralaren eskakizunak asetzeko diru eske Kongresura joana baita jada Administrazio errepublikarra. Prestutasun honek, jakina, badu bere maratila (ezezkoa, han gehiengoa duten demokraten bizkar eroriko litzateke... hauteskunde urte honetan) eta zergati prosaikoa: elikagaien garestitasunaren eraginez egoera sozio-politiko oso larrian berehala aurki daitezkeen herrialdeetako batzuk (Egipto, Bangladesh, Pakistan, Indonesia) erabakigarriak dira Estatu Batuen estrategiarako.

FAO nahiz Bushen arazoa, gizartea bera bezain zaharra kasik, da ea dirua nahikoa ote den gosea ekiditeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo